Oñatiko Udalak eta Txanda dendari elkarteak VIII. aldiz antolatu dute Gabonetako erakusleiho lehiaketa. Herriko edozein denda edo komertziok parte har dezake eta aurten 500 txantxiko sari berezia egongo da. Sari berezi hori txantxiaren presentzia ongien nabarmentzen duen establezimenduarentzat izango da, hau da, ohiko produktu-zerbitzu propioak eta Oñatiko moneta era orijinalenean aurkezten duenarentzat. Horrez gain, beste sei sari emango dituzte: bost epaimahaiak emango ditu eta seigarrena herritarren botoek erabakiko dute. Herritarren botoa jasotzeko azken eguna abenduak 17 izango da. Bozketa horretan parte hartzen dutenen artean, gainera, 200 txantxi zozkatuko dituzte. Beste sari guztiak ere txantxietan emango dituzte.
Sari banaketa
Lehiaketan parte hartzeko eskaera orria bete beharko dute interesatuek. Udaletxeko harrera bulegoan, Turismo Bulegoan edo sozio-ekonomia sailean dituzte apuntatzeko orriak eta abenduak 3 da horretarako azken eguna. Abenduaren 7rako muntaia eginda izan beharko dute denda eta komertzioek eta horrela mantendu beharko dituzte, gutxienez, abenduaren 31ra arte.
Epaimahaiak erakusleihoaren diseinua, orijinaltasuna, argiztapena, gaia, irudimena eta berrikuntza epaituko ditu. Abenduaren 19an emango ditu jakitera irabazleak eta sari banaketa egun berean egingo da, 13:30ean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.