Aloña Mendiko txirrindularitza sailak 50 urte beteko ditu datorren urtean eta dagoeneko hasi da urrezko ezteiak ospatzeko egitaraua prestatzen.
Lasterketak
Orain arteko ibilbidea liburu baten jaso gura dute txirrindularitza saileko zuzendaritzan daudenak, eta hasi dira lan hori egiten. "Hasi gara lehengo argazkiak biltzen, orain arteko txirrindularien fitxak betetzen eta lasterketetako eta bestelako ekintzetako dokumentazioa, informazioa, batzen. Material guztia batutakoan hasiko gara forma ematen. Batutako material guztiak gure artxiboa elikatzeko balioko digu eta liburuan 50 urte hauen laburpen osoa jasotzea da asmoa, argazkiekin, testuarekin eta elkarrizketekin", azaldu du txirrindularitza saileko zuzendaritzako kide den Kepa Umerezek. "Lehen orain baino argazki gutxiago ateratzen ziren eta hari gara han eta hemen bilatzen, baina herritarrei esan gura diegu etxean argazki edo dokumentu zaharrak izanez gero ekartzeko Aloña Mendiko bulegoetara, lagungarriak izango dira-eta liburua egiteko", gaineratu du Umerezek.
Sailaren mende erdia ospatzeko, urteko lasterketa jakin batzuk Oñatin izango dira datorren urtean, Aloña Mendik hala eskatuta. Esaterako, Gipuzkoako Klasika eta Gipuzkoako eskola arteko errepideko txapelketa. Udaberrian izango dira biak.
Bestalde, hitzaldiak ere egongo dira ospakizunen barruan eta baita bazkari bat ere. "50 urte hauetan 300 txirrindulari baino gehiago pasa dira Aloña Menditik eta bazkari erraldoia izango da", dio Umerezek. Izen ematea zabalduko dute laster.