Hiruhilekoko salmentak bakarrik kontuan hartuta, aurtengoan 90,3 milioiko salmentak egin ditu, eta iazkoan, 89,83.
Antzeko salmentekin, irabazi handiagoak
Multinazionalak jakinarazi duenez, Natraren kakao eta txokolate negozioak antzeko salmentak egin zituen iazko hirugarren hiruhilekoan eta aurtengoan, baina aurtengo lehenengo urte erdian marjinak hobetzea lortu zuen eta orain hobekuntza hori sendotu egin du; horri esker, EBITDA %9,5 hobetzea lortu du (6,27 milioi euro aurtengo 3. hiruhilekoan, 5,73 milioi euro iazkoan). Pilatutako EBITDA 14,75 milioi eurokoa da aurten; iaz, 6,69. Natraren esanetan, kakaoak eta txokolateak errentagarritasuna hobetu dutela konfirmatzen du horrek guztiak.
Hirugarren hiruhilekoa emaitza negatiboarekin itxi du Natrak: -7,47 milioi euro, hain zuzen ere. Dena dela, iazko epe berarekiko hobekuntza da, iaz -11,80 milioiko saldoa izan zuen-eta.
Produktuka, igurzteko kremen salmentak %24,1 hazi dira aurtengo hirugarren hiruhileko bukaerara arte; tabletak, %15,4; eta barrak, %5,9.
Dibisio industrialari dagokionez, 2015eko jarduera hasiera ona zertxobait geldotu da kakaoak azken bi hiruhilekoetan izan dituen prezio igoerengatik. Horrek eragin txarra du eskaeran, dio Natrak. Hala, hirugarren hiruhilekoan iazko epe berean baino %18,2 tona gutxiago saldu ditu, baina, hori dirutan ipinita, bakarrik %8,7 gutxiago saldu du.