Zapata gorriez egindako arte instalazio bat egin gura dute Foruen plazan azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Kontrako Egunean. "Elina Chauvet artista mexikarrak Ciudad Juarezeko feminizidioa salatzeko eginikoaren lanaren erreplika bat egin gura dugu. Artistari baimena eskatu diogu instalazio hori Oñatin egiteko, eta eman digu", azaldu du Maitane Iribarrek, udaleko berdintasun teknikariak.
Instalazioa egiteko zapatak batu gura dituzte orain. Ehun zapata pare lortu behar dituzte instalazioa egiteko, horixe baita artistak jarritako baldintzetako bat. "Zapata horiek gorriz margotuko ditugu. Herritarrek erabiltzen ez dituzten oinetako pare zaharkituak jaso gura ditugu, behar ez dituztenak, gero ez ditugu itzuliko-eta ", adierazi du Iribarrek.
Oinetako horiek gorriz margotuko dute, odola, indarkeria sinbolizatuz. Azaroaren 25ean herriko plaza nagusian jarriko dituzte, "falta diren emakumeak gogora ekartzeko", berdintasun teknikariaren esanetan.
Tailerra
Udaletxeko sarreran jasoko dituzte oinetakoak. Azaroaren 23ko goiza da azken zapatak udaletxean uzteko azken eguna. Azaroaren 23an eta 24an oinetako pare guzti horiek gorriz margotzeko tailerrak egingo dituzte. Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko elkarretaratzea azaroaren 25ean egingo dute plazan, 18:30ean.