Txandako hamazazpi dendetan jarri dituzten argazkiak antzinakoak dira eta guztietan herriko lehengo komertzio baten inguruko galdera irakur daiteke. Dendarien izenak aipatzea, saltzen zituzten produktuak gogoratzea edo egungo kokapena argitzea eskatzen dute, adibidez, galdera horiek. Adineko pertsonentzat edo horien laguntzarekin egin beharreko lehiaketa da. "Argazkiak lortzeko ere herriko erretiratuen laguntza izan dugu. Tamalez, lehen ez ziren gaur beste argazki ateratzen eta erakusleihoetan jarri ditugun irudi gehienak Udal artxibokoak dira. Baina informazioa batzen asko lagundu digute erretiratuek", azaldu du Txanda dendari elkarteko presidentea den Juan Carlos Aranburuk.
Lehiaketa honetako argazkiak dituzten dendek erakusleihoetan jarri dituzte ikusgai eta galderei erantzuteko esku orriak Txandako komertzioetan lor daitezke. Erantzunekin batera erosketak egindako herriko sei komertzioetako zigiluez beteta entregatu beharko dira esku orri horiek.
Promozio kanpaina hau dagoeneko hasi da eta azaroaren 27ra arte iraungo du. Erantzun zuzenekin entregatutako esku orrien artean 20 euroko 50 erosketa txartel banatuko ditu Txandak. Txartel horien zozketa azaroaren 30ean egingo dute.
Dantzarien arropak
Bestalde, antzinako argazkiak ez ezik, dantzarien arropak edo bestelako tresnak ere ikus daitezke herriko komertzioetan. Izan ere, hilaren 23ra arte, dantzako materialaren erakusketa egongo da dendetako erakusleihoetan Oñatzen 45. urteurrena ospatzeko.
(Irizar estankoko erakusleihoa)