Piraguak, eskalada, lur azpia eta tontorrak, mendi hamabostaldian

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko aza. 10a, 11:12
Eneko Yarza piraguan ibai bat jaisten

Eneko Yarzak piragua gainean izandako esperientziak emango dio hasiera gaur, martitzena, Aloña Mendik antolatutako mendi hamabostaldiari. Egubakoitzean Urzulo filma emango dute; espeleologia taldeak egin du eta Bilboko mendi film jaialdian aukeratua izan da.

Mendia oinarri hartuta antolatu du aurten ere Aloña Mendiko mendi sailak mendi hamabostaldiaren egitaraua. "Mendia bera bai, baina mendian egindako eta izandako abentura eta esperientzia ezberdinak ekartzen saiatu gara aurten ere. Diziplina ezberdinak ezagutzeko aukera egongo da aurtengo mendi hamabostaldian. Ikus-entzunezko emanaldiak izango dira guztiak, baina zineklubean emango duen pelikulan ezik, beste guztietan protagonistak eurak etorriko dira kultura etxeko zinema aretora eta zuzenean kontatuko dituzte euren abenturak", aurreratu du Iker Laskurain oñatiarrak.

Bertatik bertara

Eneko Yarzak emango dio hasiera aurtengo mendi hamabostaldiari. "Kayak baten gainean Perun egindako erreka baten jaitsiera jasotzen duen bideo bat ikusiko dugu eta Andeetan izandako esperientziaren berri emango digu berak", dio Laskurainek.

Azaroaren 10ean, hurrengo martitzenean izango da hori. Eguaztenean, berriz, Oier Plazaola urretxuarrak joan den urtean Cho Oyura egindako espedizioaren inguruko emanaldia izango dute. "Plazaola ere gertukoa da. Natural, ondo, kontatzen ditu esperientziak eta polita izango da bera entzutea. Egia esan hamabostaldira gonbidatu ditugun denak dira gertukoak eta asko dute kontatzeko. Tartean daude, gainera, espeleologia taldekoak ere. Plazera izango da horiek guztiak bertatik bertara entzutea", dio Iker Laskurainek.

Mendia

Bigarren asterako antolatu dituzten bi emanaldiak biak dira eskaladari buruzkoak. Trataera, baina, ezberdina da. Batetik, azaroaren 17an, Unai Mendia eskalatzailea etorriko da eta izotzetan zein harrietan eskalatzea zer den azalduko du. Eskaladaren alde teknikoari buruz jardungo du Mendiak eta berak egindako hainbat irteeretako irudiak ekarriko ditu, azalpenak ematen laguntzeko.

Zineklubean botako duten Valley uprising filmak ere eskalada izango du oinarri, baina ez kirol horren alde teknikoa. "60-70 hamarkadetan Yosemite inguruan eskaladari buruz gazteek zuten filosofia azaltzen du filmak. Orduan egindako borrokei ezker igo ahal dira egun hainbat mendi eta haitz", azaldu du Iker Laskurain gazteak.

'Urzulo'

Bilbon urtero egiten duten mendi film jaialdirako aukeratua izan da Aloña Mendiko espeleologia taldeak egindako Urzulo filma. Mendiari buruzko nazioarteko film jaialdia da Bilbokoa eta aurten 43 lan aukeratu dituzte lehiaketarako. Horietako bat da Urzulo. 35 minutuko iraupena du oñatiarrek egindako lan horrek. Abenduaren 11tik 20ra izango da Bilboko mendi film jaialdia baina Urzulo Oñatin estreinatuko dute hilaren 13an. Film emanaldiaren aurretik, aurtengo natura eta mendi argazki lehiaketako sariak emango dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak