Bosgarren aldiz antolatu dute perretxikoak oinarri dituen topaketa, Arantzazun. Hitzaldi batekin eman zioten hasiera, atzo, jardunaldiari. Ultzamako parke mikologikoko arduradun Javier Gomezek perretxiko jangarriak eta toxikoak bereizteko aholkuak eman zituen Gandiaga topagunean egindako hitzaldian. Ehun bat lagunek entzun zuten ordubeteko saioa, eta antolatzaileen esanetan interesgarria izan zen ondoren egin zuten solasaldia.
Mikopoteoa
Solasaldia amaitutakoan iritsi zen Arantzazuko jatetxeek eta tabernek gertatutako pintxoak dastatzeko unea. Hasteko eta behin sukaldari bakoitzak prestatutako pintxoaren ezaugarrien berri eman zuen Gandiaga topagunean. Jatetxe bakoitzak onddo pintxo bat eta edana eskaini zituen euro eta erdiko prezioan.
Zelai Zabal jatetxearen pintxoa Gandiaga topagunean bertan dastatu zuten parte-hartzaileek. Ondoren, nork bere erritmora eta bere gustuen arabera egin zuen Arantzazuko "gastronomia zirkuitua".
Arantzazuko Adiskideak elkarteak, Arantzazu Gaur Fundazioak eta Arantzazuko Parketxeak antolatzen dute topaketa. Pozik azaldu dira aurten ere ekimenak izan duen harrerarekin.