%60 jaitsiko da kiroldegiko lur azpiko aparkalekuko prezioa

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko aza. 6a, 18:12
Zubikoako lur azpiko aparkalekuaren sarrera-irteera

Kalegoienekoan, berriz, doan izango dira lehen bi orduak; parking bietan baldintza berdinak egongo dira datorren urtarriletik aurrera.

Lur azpiko bi aparkaleku daude Oñatin eta datorren urtetik aurrera prezio bera izango dute biek. Baita doako ordu iraupen bera ere. Horretarako, kiroldegiko aparkalekuaren prezioa %60 jaitsiko da eta Kalegoinekoan bi ordura luzatuko da doako zerbitzua. Joan den astean onartu zuen neurri hori udalbatzak eta udal zerga ordenantzen barruan sartzen den gaia izanik, urtarriletik aurrera jarriko da indarrean erabakia, gainerako ordenantzekin batera.

0,02 euro minutua

Datorren urtetik aurrera, beraz, herriko lur azpiko aparkaleku bietako baldintzak berdinak izango dira. Lehen bi orduak doan izango dira kiroldegikoan zein Kalegoienakoan, eta hortik aurrerako minutu bakoitzaren prezioa ere berdina izango da bietan. Horretarako, kiroldegikoaren prezioak %60ko jaitsiera izango du. Gaur egun 0,05 euro da minutua (hiru euro ordua) eta 2016tik aurrera 0,02 (1,20 euro ordua) izango da ordaindu beharrekoa.

Alderdi jeltzaleak egin zuen aparkalekuen gaineko proposamena, eta bat egin zuen EH Bilduk. "Azken urteetan eskatu dugu lur azpiko aparkalekuen erabilera ahalik eta gehien erraztea herritarrei. Udal Gobernuak onartu du aurten proposamen hori eta oso pozik gaude. Horri esker, oñatiarrek Kalegoienako aparkalekuan denbora luzeagoz aparkatu ahal izango dute doan eta kiroldegiko aparkalekuan aparkatzeagatik gutxiago ordainduko dute", adierazi zuen jeltzaleen bozeramaileak, Miren Elgarrestak, urriko osoko bilkuraren bukaeran. Eta gaineratu zuen: "azken batean orain arte bakoitzak zuen alde ona bietan aplikatuko dira datorren urtetik aurrera". Urtarrilaren 1etik aurrera kiroldegiko aparkalekuak Kalegoienakoaren prezioa izango du, eta Kalegoienakoak Zubikoaren doako iraupen bera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak