Ia 100 autokarabana etorriko dira asteburuan Oñatira gunearen inauguraziora

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko aza. 6a, 13:09
Autokarabana bat, martitzenean, San Martineko gunean

Sorbeltz elkartearekin batera egin du Udalak zabalkundea; Oñati ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte datozenek zapatuan eta domekan.

Uztailetik erabilgarri badago ere, zapatuan inauguratuko dute San Martin auzoan egokitu duten autokarabanendako gunea. Sorbeltz elkartearekin batera eman ditu ezagutzera Udalak gunearen kokapena eta ezaugarriak, eta ia 100 autokarabana-jabe baino gehiagok esan dute asteburuan Oñatira etorriko direla.

Taldeka

Gunea hemezortzi autokarabanendako egokituta dago eta horrelako harrera ikusita, bisitariak herriko beste espazio batzuetan kokatu beharko dituztela adierazi du Ikerne Altubek, Turismo eta Garapen Agentziako teknikariak. "San Martinen bertan ere gehiagorendako tokia egokituko dugu. Gehienak, baina, kanposantu azpian dagoen Ulma enpresako aparkalekura bideratuko ditugu. Askorendako tokia dago han eta azken orduan norbait animatzen bada ere, hara bideratuko dugu", azaldu du Altubek.
Gunea zapatuan, 11:00etan, inauguratuko dute, udal ordezkariak bertan direla. Ondoren, herria ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte. "Oinatur-eko gidariekin egingo ditugu bisitak horiek eta Anton Azpiazurekin Txokolateixia erakutsiko diegu. Domekan, berriz, Arrikrutz kobak ikusteko irteerak antolatuko ditugu. Jende asko datorrela ikusita, taldeak egingo ditugu", azaldu du Ikerne Altubek.

GPSan

Sorbeltz elkarteko Ramon Berrocosok azaldu duen moduan, Euskal Herritik kanpokoak dira etorriko diren gehienak. "Autokarabana guneak GPStan deskargatzen ditugun programa berezi baten sartzen ditugu eta Oñatikoa ere sartuta dago. Nik neuk ezagutzen dut gune hori eta zoragarria da autokarabanarekin ibiltzen garenondako, luxu bat. Datozenei ere gustatuko zaie", gaineratu du Berrocosok.

Gipuzkoan autokarabanendako egokituta dauden 19 gune daude guztira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak