Gaur, domeka, izango da Musika Egunak ekimenaren lehen kontzertua. Kirmen Uribe poeta eta Easo Abesbatza etorriko dira Santa Ana antzokira eta Iparragirre oroimenean izeneko emanaldia eskainiko dute, zuzenean, 19:00etan. "Onena zuzenean ikustea da, zerbait berezia da poesia eta musika biltzen duen emanaldi bat, behin gertatzen dena, ez du zerikusirik grabatutako zerbaitekin edo liburu bat irakurtzearekin, errezital bat beti da zerbait autonomoa, eta esango nuke gehiago duela musikatik hitzetik baino", aurreratu du Kirmen Uribe poeta ondarrutarrak.
Zuzenean
Iparragarriren hainbat pieza kantatuko ditu Easo Abesbatzak eta Uribek entzulea haren kontestuan jarriko duen poemak irakurriko ditu. "Ze garaitan bizi zen Iparragirre? Ze ideia zeuden sasoi hartan puri-purian? Ze idazlek idazten zuten orduan? Nik Iparragirreren lana mundu mailako literatur giroan kokatzen dut eta horregatik irakurtzen ditut Walt Whitman, Friedich Hörderlin, Emily Dickinson, Oscar Wilde eta besteren poemak. "Iparragirre iraultzaile bat zen. Pertsonaia bat sortu zuen bere buruarekin. Kontuan izan bere famak gaurdaino iraun duela, bere bertsoak herriak kantatzen ditu baina ez bertso eskoletan edo hezkuntza sisteman ikasi dituelako, bizirik iraun dutelako ahoz belarri, gaur egueneraino", gaineratu du poetak.
Emanaldirako sarrerak leihatilan eros daitezke bost eurotan.