Hemen da Movember mugimendua

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko aza. 7a, 10:45
Joan den urtean ateratako talde argazkia

Prostata eta barrabiletako minbiziaren gaineko sentsibilizazio ekimena hirugarren urtez ari dira egiten Oñatin; dirua ere batuko dute ikerketarako.

Moustache eta November, bibotea eta azaroa, bi hitz horien batuketa da Movember. Hala du izena prostata eta barrabiletako minbiziaren kontra Oñatin hirugarren urtez egingo den ekimenak. Bibotea da mugimendu honen ikurra eta Oñatin dagoeneko bat baino gehiago ikusten da eguneroko look-aren kontrara, bibotea utzita. "Ez da bakarrik mutilendako ekimena. Neskak ere batu daitezke mugimendura. Azken finean minbizi konkretu horren gaineko sentsibilizazioa zabaltzea da Movember-en helburua", adierazi du Aratz Losadak, ekimenaren bultzataileetako bat.

Bibotea uzteak ere bere sekretua duelako, konpontze eta mantentze zerbitzua ere eskainiko du Movember mugimenduak. "Jon eta Igone ile apaindegietan, adibidez, doan konponduko dituzte biboteak", dio Aratz Losadak.

Prostata eta barrabiletako minbizia ezagutarazteko ekimena da eta gaitz hori ikertzeko bideratuko dute batutako dirua. Izan ere, sentsibilizazioa zabaltzearekin batera diru bilketa ere egiten dute ekimen honekin, ikerketarako den diru bilketa. "Aurten ere itsulapikoak jarri ditugu herriko hainbat komertzio eta tabernetan: Jon eta Igone ile apaindegietan eta Ongi, Iturritxo, Pako, Oñati, Ona eta Harripe tabernetan", zehaztu du Losadak.

Joan den urtean aurrekoan baino askoz jende gehiago batu zen ekimenera eta aurten ere gura dute ahalik eta jende gehienak egitea bat ekimenarekin. Hilabete bukaerarako ekitaldiren bat egitea ere badute buruan, baina zehazteke dute oraindik. "Asmoa bada elkartzea eta ekitaldiren bat egitea, baina ez dugu ezer lotuta. Azaroaren bukaeran izango dela, horixe bakarrik da gauza ziurra. Dena lotuta dugunean, Facebook-en dugun kontuaren bitartez jakinaraziko diegu herritarrei", dio Losadak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak