Azaroaren 1a heldu aurreko egunetan herritar asko joaten dira hilerrira loreak, kandelak edo bestelako apaingarriak eramatera. Askotan ibilgailua itxi barik uzten dute aparkatuta kanpoan, eta lapurretak gertatu ohi izan dira. Horrelakoak ez gertatzeko autoak giltzaz ixteko eta bistan balorezko objekturik ez uzteko gomendioa egin du Udaltzaingoak aurten, kanposantuan ohar hori jasotzen duten kartelak jarriz. Egubakoitzean, baina, lapurreta baten salaketa jaso zuten bulegoan; herritar batek salatu zuen auto barrutik poltsa ostu ziotela bera hilerri barruan zegoen bitartean.
Gaur, domeka, Domu Santu eguna izanik, jende asko joan da kanposantura ohi moduan baina momentuz, behintzat, antzerako abisurik ez dutela jaso adierazi dute Udaltzaingotik.