Azaroaren 8an hasiko dute Musika Egunak egitaraua Easo gizonezko abesbatzarekin. Iparragirre oroimenean kontzertua eskainiko dute: besteak beste, Agur zaharra, Nere maitiarentzat, Nere etorrera eta Ume eder bat abestuko dituzte. Xalba Rallo izango da zuzendaria. Abestien artean poemak errezitatuko ditu Kirmen Uribe poetak. Pianoan Oscar Candedok lagunduko du.
Hitchcock-en lana
Bigarren emanaldia berezia izango da: Alfred Hitchcock zinema zuzendari ospetsuaren Downhill (1927) lana eskainiko dute. Tartekatu egingo dituzte filma eta Javier Perez de Azpeitiaren piano emanaldia. Perez de Azpeitiak Donostian, Madrilen eta Liejan egin zituen goi mailako musika ikasketak. Egun, zinema munduari lotuta egiten du lan.
Easo hirukotea
Azaroaren 22an, Miren Urbieta, Erlantz Fernandez eta Arkaitz Mendoza hirukoteak barroko garaitik musika garaikideraino sortzen diren musika estiloak aurkeztuko ditu. Urbieta sopranoa da, Mendozak organoa edo pianoa joko du eta Fernandezek, tronpeta. Cacciniren, Purcellen eta Vivaldiren lanak eskainiko dituzte, besteak beste.
Azkeneko saioa azaroaren 28an izango da, zapatua: Benito Lertxundik kontzertua eskainiko du kiroldegian, 22:00etan. Sarrerak Txokolateixan eta bibe.me atarian eros daitezke 15 euroren truke. Egunean bertan, leihatilan, 18 euro.