Mendi hamabostaldiko egitaraua gertu du Aloña Mendik

Jon Berezibar 2015ko urr. 29a, 09:29
Eneko Iartza, Peruko ur-bizietan.

Besteak beste, Eneko Iartza Inkayak, Inken bailarak piraguan ikus-entzunezkoa eta Unai Mendiak eskalada mistoaren abangoardiari buruz egingo duen berbaldiak osatzen dute egitaraua. Azaroaren 10etik 19ra bitartean izango da.

Egitaraua

  • Azaroak 10, martitzena, 19:30: Inkayak, Inken bailarak piraguan (gaztelaniaz). Sinopsia: Bada mendi ingurua ezagutzeko beste modurik. Ibaiak dira mendiak zeharkatzen dituzten bide naturalak eta Eneko Iartza Arabolatza euskal kayakari abenturazaleak Peruko ibai luze eta sakonetako ikuspuntua aurkeztuko digu. Hego Ameriketako zibilizazio nagusiena izan den Inken lurraldea ezagutuaz Eneko eta kideek egun ugaritako espedizio luzeak egin zituzten Andeetako ibaietan zehar, beharrezko guztia txalupa barruan eramanez, batzuk arroila sakon eta altitude handian hasi eta Amazoniako oihanean bukatuaz, ia amaiezinezko ur-bizietan konkista aurreko garaietako bizimoduaren hondakinak ikusiaz.
  • Azaroak 11, eguaztena, 19:30: Cho Oyu. Oier Plazaola urretxuarrak 2014 urtean Cho Oyura eginiko espedizioari buruzko emanaldia. 
  • Azaroak 13, egubakoitza, 19:00: Aloña Mendi Espeleologia Taldearen eskutik Urzulori buruzko emanaldia eta Aloña Mendiren Mendi saileko argazki lehiaketaren sari banaketa. Aloña Mendi Espeleologia Taldeak, ura traban zela eta, bukatutzat emandako kobazuloak berriz esploratu ditu. Horien artean, Urzulok eman du ustekaberik handiena. Sifoi txiki bat zeharkatu ondoren, kobak aurrera egiten du eta esplorazioaren erronkari aurre egin behar diote espeleologoek. Film honek, taldearen lorpenak eta porrotak erakusten ditu.
  • Azaroak 17, martitzena, 19:30: Unai Mendia, eskalada mistoari buruz. Gaur egun, alpinismo munduan, altuera aurkitu gabe, konpromisodun lerro zail eta berritzaileen bila dabilen generazio berriko adierazle handienetako bat dugu Unai Mendia. Pirinioak eta Alpeak dira haien jomuga, eta eskalada mistoan, harri eta izotzetan, abangoardia dira gaur egun.
  • Azaroak 19, eguena, 20:00: Zinekluba. Valley Uprising. Eskalatzaileen sakontasun filosofikoa agertzen da filmean, mendiarekin duten harremana, performance-arekin, eta mugak gainditzeari dioten errespetua. 50 hamarkadako naturalismotik eta beatniketatik ekinda, hippyen iraultzatik zehar igarota, LSDa, 60eko musika, Caldwell eta Alex Honnold egungo eskalatzaile puntakoetaraino.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak