"Balorazio formalik ez dugu egin baina oso gustura geratu gara jaialdiarekin", jakinarazi du Xabier Arregik, antolatzaile taldeko kideak, eta gaineratu: "Sareren bueltan adin ezberdinetako lagunak elkartzea zen asmoa, adierazpen ezberdinekin girotzea eta aniztasunerantz jotzea". Baita lortu ere. PObrESIAK taldeko Aimar Uribesalgok zabaldu zuen jaialdia iluntzean eta hark egindako poesia irakurketen ondoren etorri ziren Bi Xahar Geldo doinu dantzagarriekin. Iluntzeko ekitaldia bukatu zuen Kepa Zelaiak. Atsedenaldian, Sareren asmoen berri eman zuten eta beste ekitaldi batzuetako bideoak ere bai; baita jendeak bidalitako selfiak eta mezuak ere; 40 inguru jaso zituzten.
Gau partea, ostera, rock doinuendako izan zen eta giro bikaina sortu zuten Txuleton's eta Papalagi taldeek.
Kolore eta ikuspegi ezberdineko jendea
"Sare presente egotea gura dugu, eta aldarrikapenen bueltan kolore eta ikuspegi ezberdina duen jendea ekarri taldera", dio Arregik eta gaineratu du: "Orain beste batzuk har dezatela testigua eta beste ekitaldiren bat antolatu".