"Balorazioa oso positiboa da, oso gustura gaude", dio Oñatiko Lizargarate elkarteko Agurtzane Mujikak atzo Oñatin egin zuten VII. Trikiti Egunaz. Arratsaldean Santa Ana aretoa ia goraino bete zuen jaialdiarekin eman zitzaien hasiera ekitaldiei, eta bertan, askotariko doinuak entzun ahal izan ziren. Oñatiko Musika Eskolako trikiti eta pandero ikasleak ibili ziren aurkezle lanetan.
Irati, Ane eta Amaiak osatutako hiruko oñatiarra izan zen agertokira igotzen lehena, eta Korrontzi taldearen txanda izan zen. Ondoren, Intxausti anai-arrebek eta Arkaitz Allurrek; gitarra, soinu eta panderoarekin igo ziren Astiazaran II.ak, Andonegik eta Mikel Markezek; Epeldek eta Lutxurdiok; eta Mirari Azkunak eta Zaloa Zenarruzabeitiak ere jo zuten Oñatin. Los Zopilotes taldeko Dorronsorok, Trikizion ibilitako Arakamak eta Larreburuk osatutako taldearen emanaldiak borobildu zuen jaialdia. Azken hauek pot-pourri bat jo zuten: fandango batekin hasi ziren, Muse taldearen abesti batekin eta bakalao doinuekin jarraitu eta arin-arin tradizional batekin amaitzeko.
Jaialdiaren ostean, bertaratu ziren ikusleek eta parte-hartzaileek triki-poteoa egin zuten herriko tabernetan, eta ondoren 85 pertsona inguru elkartu ziren Gaztelekuan afaltzeko. Elustondo anai-arreben erromeriak girotu zuen afalostea..