"Zoragarria" izan dela dio Juan Biain antolakuntza taldeko kideetako batek, "bai ekintza zein partaideen aldetik". Egun batekoa izanda ere, Arthitz jaialdiaren lehen aldiak mardula izan du egitaraua. Anjel Lertxundi idazleak eta Antton Valverde musikariak saio sakon eta berezia egin zuten zapatu goizean eta Arantzazuko espiritualitatean inspirazio hartuta, bost abesti berri estreinatu zituen Valverdek. Gandiaga eta Arantzazu ardatz hartuta, bi artistek saio hunkigarri eta sakona egin zuten.
Arratsaldean arte plastikoen txanda izan zen. Kukai-Ttanttaka dantza taldeak basilikaren kanpoaldean Hazipenaren pozak lan berria erakutsi zuen eta berezitasunak jarraipena izan zuen 20:00etan Gandiaga Topaguneko galerian Koldobika Jauregiren performanzearekin. Eskultoreak ikatz, kare eta burdin pigmentuekin zoruan artelana egin zuen (oraindik, ezabatu arte, ikus daitekeena) eta artistak lanean ziharduela, Susana Cedillo akordeoi-joleak eta Hilario Rodeiro perkusionistak musika jarri zioten. Bibliako Genesia izan zen gaian eta munduaren sorreraren 7 egunetako kontakizunari irudi eta musika ipini zioten sortzaileek.