Literaturaz gozatzeko marrazkiak, solasaldia eta ipuin kontaketa japoniarra

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko urr. 19a, 11:04
Arantzazu Maiz Rakugolaria ipuin kontaketa bat egiten (Hiromiren Rakugolariak)

Eibar ilustratzailea, Morano, Espejo, Etxarte eta Sarriugarte idazleak eta Eskalada, Maiz eta Ibarguren aktoreak datoz Oñatira Bibliotekaren Eguna ospatzera.

1992an Sarajeboko liburutegiari su eman zioten. Urriaren 24a zen. Hondatuta gelditu zen eta erabaki zuten egun hori Bibliotekaren Eguna izatea. "Izendapen hori berria da, oraindik ez dago egutegian ondo finkatuta, Liburuaren Eguna dagoen moduan, adibidez. Eta gura dugu egun horrek indarra hartzea. Helburu horrekin antolatu dugu aurten, besteak beste, Oñatiko lehen literatura topaketa", azaldu du Arantzazu Ibarrondok, udal liburutegiko arduradunak.

Lau idazle

Urriaren 24an egingo dute topaketa hori kultura etxean dagoen zinema aretoan eta lau idazlek hartuko dute parte: Kristina Moranok, Jose Daniel Espejok, Hedoi Etxartek eta Danele Sarriugartek. Azkena ezik, beste hirurak poetak dira. Izan ere, literaturaz jardungo duten arren, poesiak duen "fama desmitifikatu" gura dute antolatzaileek. "Poesia ezin duela edonork egin, irakurle batzuendako bakarrik dela eta ulertzeko zaila dela askotan esan ohi da. Eta hori gezurtatu eta desmitifikatu gura dugu solasaldi honetan", dio Ibarrondok.
Topaketak harrera ona izanez gero gehiago ere antolatuko dituztela aurreratu du Ibarrondok. "Biblioteka liburu, aldizkari, internet edo musika biltzen dituen bilduma da eta hori gerturatu gura diogu herritarrari".

Rakugoa euskaraz

Literatura topaketaz gain, ilustrazio tailerra ere antolatu dute urriaren 24rako. 5 eta 10 urteko umeei zuzenduta dago eta Eider Eibar ilustratzailea izango da tailer horren gidaria. Santa Marina plazan izango da, kultura etxearen aurrean, 12:30ean.

Urriaren 21ean, eguaztena, Japonian egiten dituzten moduko ipuin kontaketa, Rakugoa, egingo dute helduen liburutegian, 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak