Santxolopetegi eta Zubillagako erreka tartea garbituko dute etzi

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko urr. 16a, 11:25
Errekan hondakinak batzen, joan den urtean, Elorregi parean

Hirugarren urtez antolatu du Ibai Lagun egitasmoa Natur eskolak, eta aurtengoa asteburu honetan egingo dute. Zapaturako irteera antolatu dute Urkulu aldera, eta domekarako, erreka garbiketa.

Aurreko bi urteetan herriguneko erreka zatia garbitu dute eta aurten erabaki dute Santxolopetegi eta Zubillaga aldeko erreka zatia garbitzea. "Batzen garen jende kopuruaren arabera egingo ditugu taldeak, eta domeka goizean bertan antolatuko gara. Asko elkartuz gero, herri barruko beste zati batzuk ere garbituko ditugu, baina aurten, auzo bi horietaraino joan eta gune horietan pilatu diren hondakinak errekatik atera gura ditugu", azaldu du Natur Eskolako Imanol Biainek.

Azken urteetatik hona errekaren egoera asko hobetu dela ikusten den arren, oraindik ere zikin asko pilatzen dela aipatu du Biainek: "Egun, ez dira zabor-poltsak errekara botatzen, baina oraindik ere bizikletak, enkarguak egiteko karroak eta bestelakoak ere ikusten dira. Uste dut ari garela sentsibilizatzen eta gero eta hobeto zaintzen ditugula errekak, eta badut esperantza egunen batean berriz ere aisialdirako gune moduan berreskuratuko ditugula, baina oraindik badago lana".

Erreka garbitzera joateko, 09:00etan elkartuko dira Foruen plazan, eta han egingo dituzte taldeak. Bazkalordura arte jardungo dute erreka garbitzen, eta jasotako hondakinak Foruen plazan egongo dira ikusgai astebetez.

Zapatuko irteera ere egun erdikoa izango da, eta, Urrexolako uretzak ezagutuz, Urkuluko kontsumorako ur araztegiraino joango dira. 08:30ean abiatuko dira Foruen plazatik. Buelta autobusean egingo dute eta komeni da izena aurrez ematea, autobusak antolatzeko. Natura eskolako zenbakia da: 943 71 64 04

Erakusketa

Bestalde, Udaleko Nekazaritza Sailak antolatuta, urari buruzko informazioa duten bederatzi panelez osatutako Ibaialde erakusketa dago ikusgai kultura etxean hilaren 22ra arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak