"Dena ondo irten zaigu", hala zioen partiduaren bukaeran Aloña Mendiko jokalari Rebeca Sanchezek. Norgehiagokaren hasiera-hasieratik oñatiarrek aurrea hartu dute markagailuan, eta hala jarraitu dute bukaerara arte. Eibartarrak, haien aldetik, blokeatu egin dira hasieratik, eta horrek ere izan du eragina azken emaitzan: 26-12.
Aurre-denboraldi motza izan badute ere, taldea horrela ikustea "oso pozgarria" dela adierazi du Sanchezek. Taldeak ez dauka entrenatzaile finkorik momentuz, eta guztien artean, eta bereziki taldeko beteranoenek edo kapitainek daramate ardura hori; Rebeca Sanchez horietako bat da.
Denboraldirako helburuak
Gaurkoan tarte zabalarekin irabazi duten arren, ondorengoa adierazi du Sanchezek: "Eibar taldea ez genuen gehiegi ezagutzen, baina nolakoak diren ikusita, fuerteago datozenean asko izerditu beharko dugu, duda barik".
Denboraldiari begira, "igotzea oso zaila da, ia ezinezkoa", dio Aloña-Mendikoak, baina klasifikazioan ahalik eta goren egoten saiatuko direla nabarmendu du.