Arantzazuko Parketxeak eta Arantzazuko Adiskideak Elkarteak mendi irteeren programari amaiera emateko azken irteera antolatu dute urriaren 18rako. Txangoa Urkilla-Elgea mendilerrora izango da; bertara, Iturrigorriko basoa zeharkatuz iritsiko dira. Mendilerroan, Zurkutzeko gailurrera (1.212m) eta izen bereko mendi-lepora joango dira. Bertatik Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko ikuspegi ederrenetako bat gozatzeko aukera izango da, Gipuzkoako erliebe malkartsua eta Arabako Lautada ikusteko aukerarekin.
Mendi tontor horretatik Malkorra (1.245 m) mendira abiatuko dira, eta bertatik Urbiara jaitsi. Bertan, bazkaritarako aukera izango dute nahi dutenek.
Ibilbideak 16 kilometro ditu, eta bost bat orduan egiten da. 550 metroko desnibela du.