Errentan bizi diren gazteendako laguntzak banatuko ditu Oñatiko Udalak

Mirari Altube Arrese 2015ko urr. 9a, 09:06

Uztailean onartu zuen ordenantza, aho batez, udalbatzak, eta helburu bikoitza du: batetik, gazteei euren kabuz bizi ahal izaten laguntzea; eta bestetik, alokairuzko etxebizitzen merkatua sustatzea. Urriaren 16an bukatuko da eskaerak aurkezteko epea.

Zelan alde egin gurasoen etxetik gazteek? Zelan aurre egin etxebizitzek dituzten prezioei? "Jakinekoa da zein den gazteen egoera; horregatik, Oñatiko Udalak ordenantza onartu zuen, eta 2015eko laguntzen artean sartu", jakinarazi du Gazteria teknikari Jon Lopezek. 18 eta 30 urte arteko gazteei zuzendutako laguntzak dira, etxebizitzak errentan hartuta dituztenendako, eta eskaerak aurkezteko epea urriaren 16an bukatuko da. 

Laguntza eskatzen dutenek, gutxienez, hamabi hilabeteko alokairu kontratua izan behar dute. Eta Udalak ordainduko die, eskatutako baldintza guztiak betez gero, alokairuaren erdia; gehienez, 250 euro hilean. Horretarako, baina, errentaren prezioa ezingo da izan 550 eurotik gorakoa. "Asmoa da laguntza txiki bat, pizgarri bat, ematea gazteei, eta, era berean, hutsik dituzten etxebizitzen jabeak animatzea prezio merkeak jartzera; hala, samurrago alokatuko dizkiete etxeok", dio Lopezek.

Bete beharreko baldintzak

Hainbat baldintza bete behar dituzte bai gazteek, bai etxebizitzek. Hain zuzen ere, Oñatin erroldatuta egon behar du eskatzaileak, gutxienez, hamar urtean edo, behintzat, azkeneko bi urteotan. Urteko diru sarrera gordinei dagokienez, gehienez, 28.000 euro izango dira eskatzaile bakarraren kasuan; eta 35.000 euro, berriz, bi eskatzaile edo gehiago badira. 

Etxebizitzei dagokienez, Oñatin egon beharko dute guztiek, eta bizigarritasun baimena izan. 

Ordenantzan zehaztu dute, gainera, diru laguntzatik kanpo geratuko direla babes ofizialeko etxeak, logelen alokairuak, etxebizitza moduan erabilitako lokalak eta Bizigune programa barruan alokatutakoak. Zehaztasun guztiak jakin gura dituenak uztailaren 8an argitaratutako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ditu.

Orain arte sei eskaera

Udalak 108.000 euro bideratu ditu diru laguntzara, eta guztiendako izango dela dirua uste du Paskual Elustondo kontu-hartzaileak: "Oraingoz, sei lagunek aurkeztu dituzte eskaerak. Baina hurrengo egunetan, epea bukatu bitartean, gehiago iritsiko dira, seguru". Hori berretsi du Gazteria teknikari Lopezek ere: "Ordenantza uztailean argitaratu zen, eta bitartean udako oporrak egon dira. Horrenbestez, azken egunotan esprintean jardungo dute askok", eta gaineratu du: "Gogoan izan behar dute eskaera-orriarekin batera eskatutako dokumentazio guzti-guztia aurkeztu behar dutela. Nekagarria izaten da hori eskuratzea, baina ez dago besterik". 

Udalaren bulegoetan (Foruen plaza, 1) aurkeztu behar dira eskaerak dokumentazioarekin, eta gero, urriaren 22an elkartuko den batzordean aztertuko dituzte, handik Gobernu batzordera bideratzeko. "Eta horren ostean, laster jasoko dute erantzuna", dio Lopezek. 


Eskatzaileek betetzekoak

  •  18 eta 30 urte artean izatea.
  •  Ez izatea jabetzan etxebizitzarik.
  •  Etxebizitza horretan erroldatuta egotea.
  •  Oñatin erroldatuta egon izana, gutxienez, hamar urtean edo azken bi urteotan.
  •  Diru sarrera gordinen muga: 28.000 euro urtean, eskatzaile bakarra bada; eta 35.000 euro, bi  eskatzaile badira.
  •  Kapital errentetatik eratorritako errendimendu gordinen zenbatekoa 601,10 eurotik beherakoa izatea.
  •  Udal zerga eta tasa guztiak egunean izatea.
  •  Onuradunaren eta errentariaren artean familia-loturarik ez izatea.

Etxebizitzek betetzekoak

  •  Oñatiko udalerrian kokatuta egotea.
  •  Hilabeteko alokairua, gehienez, 550 euro izatea.
  •  Sukaldea erabiltzeko moduan egotea eta behar bezala hornitua.
  •  Dutxa edo bainuontzia duen bainugela izatea.
  •  Ur bero sistema izatea, bai bainugelan, bai sukaldean.
  •  220 volteko instalazio elektrikoa izatea erabiltzeko egoeran.
  •  Iturriko ura izatea.
  •  Sare orokorrera isurketa duen saneamendua izatea.
  •  Kalera ematen duen aireztatzea izatea.
  •  Bi pertsonako (gehienez) logela bat izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak