Eraikin berrian hasiko du datorren urtea Katealegaiak

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko urr. 2a, 13:18
Sahiesbidetik izango du sarrera nagusia eraikin berriak

Oñatiko eta inguruko 49 langile daude eta egiten dituzte automoziorako eta sarrailagintzarako piezak. Orain erabiltzen duten Berezaoko eraikinean Jakion egongo da gero.

Katealegaiak Oñatin duen egoitza txiki gelditu zaie. Egungo espazioarekin nekez sartu ahal dira proiektu berrietan eta egungoa baino handiagoa izango den eraikinean egingo dute lana datorren urtarriletik aurrera. Goribar auzoan Santa Cruz enpresa zegoen industria-eraikinean kokatuko dira 2016tik aurrera.

Denak batera

Egun bi eraikinetan banatuta dago Katealegaia Oñatin. Berezaokoan produkzioari lotutako lanak egiten dituzte, eta Goribarrekoan, biltegi eta banaketa lanak. Eraikin berria bukatzen dutenean, baina, batera egongo dira langile guztiak.

Errementeri lanak egiten zituzten Santa Cruz enpresa zegoen eraikina bere beharretara moldatzeko lanak egiten ari da orain Katealegaia. Handitu egin dute. "Mila karratu inguru zituen enpresa horrek eta guk espazio hori erabiltzen dugu egun, bi eraikinetan banatuta. Ez zuen zentzurik espazio bereko toki batera joateak, batez ere proiektu berriak egiteko ditugun espazio arazoak ikusita. Hori izan da handitzearen arrazoia. Eraikin berriak 1.600 metro karratu izango ditu", azaldu du Oñatiko Katealegaiako arduradunak, Maria Bermejok. Produkzio eta biltegi eremuaz gain, bulegoak eta jangela ere izango ditu eraikin berriak. Sarrera nagusia saihesbidetik izango du. "Oso toki egokia izango da, irisgarria da-eta. Saihesbidea ondoan egoteak erraztu egiten du garraiolarien lana. Langileok ere saihesbidetik sartuko gara autoz joanez gero, aparkalekuraino. Hala ere, eraikinaren atzeko aldean bidegorria dago eta kontuan izanda Oñatiko eta bailarako langile asko gaudela hemen, beste sarrera bat egokituko da lanera bizikletan doazenendako", zehaztu du Bermejok.

Guztira 49 langile daude egun Oñatiko Katealegaian. Asko oñatiarrak dira eta beste asko Debagoienekoak eta Urola Garaikoak. Sarrailagintzarako eta automoziorako piezak egiten dituzte eta bezeroen artean Eskoriatzako Tesa eta Arrasateko Polmetasa enpresak dituzte.

Jakion

Eraikin berrira egingo duten leku aldatzea, Santa Cruzekin eta Udalarekin batera bideratu du Katealegaiak. Lanak martxa onean doaz eta asmoa da abendurako bukatuta egotea. Hilabete horretan zehar egun erabiltzen dituen bi eraikinak hustuko ditu eta urtea bukatu orduko trasladoa eginda egotea gurako lukete, urtarrilean toki berrian lanean hasteko.
Enpresa horrek Berezaon zuen lokalean Jakion enpresa kokatuko da gero; Leintz Gatzagatik Oñatira ekarriko dute Jakion. Horretarako, baina, Berazaoko eraikina berrantolatu eta garbitu behar dute. Udalak lagunduko du lan horiek egiten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak