"Jaietako programan, jaien inguruan antolatzen diren ekitaldi guztiak sartzen dira, Oñatiko Udalak zuzenean antolaturikoak izan edo ez", dio batetik Udal Gobernu Taldeak bidalitako prentsa oharrak. Urkixok bereziki aipatzen dituen hiru ekitaldiei buruz, hauxe adierazi du Udal Gobernuak: "Hiru ekitaldi hauetako bakar batean ere ez dago inongo biktimen mespretxuzko jarrerarik, eta hori oso ondo daki Urkixo jaunak". Giza eskubideen defentsa ez dela delitua ere badio oharrean Udal Gobernuak eta Oñati bakean uzteko eskatzen dio Espainiako Gobernuaren ordezkariari.
Hauxe da Udal Gobernuak bidalitako idatzia, oso-osorik:
"Oñatiko Udalak banatzen duen jaietako programan, jaien inguruan antolatzen diren ekitaldi guztiak sartzen dira, Oñatiko Udalak zuzenean antolaturikoak izan edo ez. Beraz hasteko, lehenengo akusazioa, Konstituzioko 103 artikulua eta "Bases de Régimen Local" delakoaren 7/1985 delako legea betetzen ez dela, ez da egia. Presoen eskubideen alde antolaturiko ekitaldi hauek ez ditu Oñatiko Udalak zuzenean antolatu, presoen eskubideen alde eta beraien urruntze egoera salatzeko lanean diharduen herritar talde batek baizik.
Are eta larriagoa iruditzen zaigu Urkijoren adierazpenetan azaldu bezala terrorismoaren biktimen babes eta aitortzarako eginiko 29/2011 legea urratzen dela egoztea, Eusko Legebiltzarreko 4/2008 legea, eta Kode Penaleko 578 artikulua ez betetzearena. Hiru ekitaldi hauetako bakar batean ere ez dago inongo biktimeren mespretxuzko jarrerarik, eta hori oso ondo daki Urquijo jaunak berak. Beraz jakinaren gainean eginiko akusazio faltsua, berriro ere. Oso larria iruditzen zaigu iada baimen guztiak dituen ekitaldi bat debekatzen saiatzea. ¿Non dago herritarren biltze eta aldarrikatze eskubidea?
Oñatiko Udal gobernutik argi ikusten dugu Espainiako gobernu delegaritzaren papera: erdi aroko inkisizio lana 21. mendean eguneratua. Kolore politiko jakin bateko udaletxeak ditu jomugan eta badirudi beste lanik ez duela. Badirudi Urquijo jaunari ezinegona sortzen diona, preso eta senideei arbitrarioki pairatu arazten zaien txantaia emozionala eta gainzigor ekonomiko extrajudiziala salatzea dela. Giza eskubideen defentsa ez da delitua. Giza eskubideak sistematikoki urratzen dituen estatu bateko ordezkaria den Urkijo jaunak ez du inolako zilegitasunik herritarren elkartasun, salaketa, nahiz aldarrikapenak oztopatzeko. Utzi bakean Oñatiko herria!!!"