Oñatiko Ireloreko Oscar Esteban eta Endika Valencia hondarribiarra Pitch and Putt-eko Gipuzkoako txapeldun

Maialen Torres 2015ko ira. 27a, 19:45

Lehenengo txandan lortutako lau kolpeko abantailak eman die garaipena Oscar Esteban eta Endika Valenciari, bigarrenean Antton eta Ion Gurutz Biterik osatutako bikotea parean izan baitute sailkapenean.

Pitch and putt-a golfaren modalitate bat da, eta pilota jaurtitzen den gunetik zulorako distantzia da bien arteko desberdintasun nagusia. Pitch and putt-ean gehienez 120 metrokoa izan daiteke, eta golfean berriz, hortik gorakoa ere bai. Gipuzkoa osoan Oñatikoa da modalitate honetarako prestatutako bakarra. Aurtengo Gipuzkoako bikotekako txapelketan hauek izan dira irabazleak:

  • Gipuzkoako txapeldunak: Oscar Esteban y Endika Valencia (Irelore-Justiz)
  • Gizonezko bikote onena: Armando Jiménez y Antonio Monedero (Irelore-Irelore)
  • Emakumezko bikote onena: Mariluz López-Marivi Cortes (LGolf-LGolf)
  • Bikote mixto onena: Beatriz Chinchurreta-José A Akordagoitia)
  • Handicap sailkapeneko bikote onena: Luis Arregi-Juan L Tueros (Irelore-Irelore)

Txapelketa binakakoa izan da, eta parte hartzaileek 18 zulo gainditu behar izan dituzte bi txandatan. Zulo bakoitzean hiru kolpe izan dituzte parte hartzaileek pilota zuloan sartzeko, puntuak gehitzen hasi aurretik. Dena den, bikote irabazleak hiru kolpeko media hori jaitsi egin du. izan ere, eman zitzaketen 54 kolpeetatik, onartutako muga baino zortzi gutxiago jo dituzte. Horrek sailkapenaren gailurrera eraman ditu, eta esan beharra dago,baita ere, jokatu diren bi txandetan nagusi izan direla.

Horretaz gain, aipatu beharra dago Agustin Garciak bigarren zuloan egindako jokaldia, kolpe bakarrean sartu baitu pilota. Bosgarren zuloan sari berezia jokatu dute aurtengoan, eta kolpe bakarrean zulotik gertuen geratzen zenarentzat urdaiazpiko bat jarri dute jokoan. Antton Biteri Antzuolarrak eraman du etxera, pilota hamaika zentimetrotara uztea lortuta.

Irelore golf eskolako arduradun Jabi Balzategi "pozik" dago gaur Oñatin ikusitakoarekin, izan ere, parte hartzaileen maila "ona" izateaz gain, Gipuzkoako gazteen harrobia "sendoa" dela esan du

Kanpotarrak ere jokoan

Gaur Ireloren izan diren jokalarien artean, Arabatik eta Bizkaitik etorritakoak ere bazeuden. Izan ere, kanpotarrek ere badute Gipuzkoako txapelketan lehiatzeko aukera, baina ez txapeldun titulua eskuratzekoa. Gaurko norgehiagoka lizentzia Gipuzkoatik kanpo duen bikote batek irabazi izan balu, probako garaile izendatuko lituzkete antolatzaileek –horretarak ogaraikur berezi bat prest zuten, badaezpada–, baina ez Gipuzkoako txapeldun.

Hurrengo hitzordua

Gipuzkoako txapelketa berriz ikusteko urtebete itxaron beharko dute zaleek, baina urriaren 10ean ere izango da pitch and putt-az gozatzeko aukera, Araba eta Gipuzkoaren arteko norgehiagoka antolatu baitute. Goizean, Gasteizen jokatuko dute lehen txanda, eta arratsaldean Oñatiko Ireloren izango dira berriz, zaleei "ikuskizun on bat" eskaintzeko asmoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak