Irailaren 29an, San Miguel egunean izango da hori; hain zuzen, Gaztetxoen Eguna txosnagunean. Gaztelekuko teknikari Jon Lopezek azaltzen duenez, "gaztetxoekin batera" antolatu dute egun hori eta eurek egindako eskaerak aintzat hartu dituzte. Abentura parkea egin zuten iaz ere, baina ez zen halako ekintza ikusgarririk izan. Tirolinarekin "ilusio handiarekin" daude gaztelekuan, eta "polita" izango dela ziur dago Jon Lopez; eguraldi ona edo balekoa egin beharko du horretarako, baina, bestela kiroldegiko kantxan egingo da-eta tirolina, eta derrigorrez txikiagoa izan beharko da orduan.
Goitik frenatzen
Tirolinan ibili ahal izango da 12 eta 17 urte arteko edozein. Arabako Inguru enpresak muntatuko eta kontrolatuko du. Bertako arduradun Alex Ulek honako hau dio: "Oso segurua izango da; izan ere, goitik segurtatuko dugu; kanpandorretik frenatzen joango gara, horrela jaitsieran abiadura handia har ez dezaten. Oso ondo kontrolatuta egongo da".
Tenkatutako soka batetik zehar poleen bitartez jaistean datza tirolina. Distantzia jakin batera dauden bi punturen artean ainguratuta dago soka. Horrela, diagonal bat lortzen da eta bertatik zehar jaisten dabilenak hegan ibiltzearen sentsazioa izaten du.
Alex Ulek gaineratzen duenez, bestalde, "oso ikusgarria" ere izango da tirolina, "bai dabiltzanendako, bai kanpotik ikusten dutenendako ere".
Irailaren 29an 11:00etatik 14:00etara izango da ibiltzeko aukera. Gainera, adin-tartea finkatuta dagoen arren, "gero ikusiko da" zabaltzeko aukerarik dagoen, Ingururen arabera.
Bi kontzertu gauean
Tirolinaz gain, txosnagunean beste ekintza batzuk izango dira abentura parkearen barruan: ibilbide txiki bat, ohe elastikoak, oreka tailerra… horiek ere 11:00etatik 14:00etara.
Bestelako aukeraz josita egongo da Gaztetxoen Eguna. Jon Lopezen esanetan, gaztetxoek "txosnagunera hurbildu" gura izan dute, eurak baino nagusiagoak diren gazteekin identifikatuta sentitzen direlako, eta horregatik hantxe egingo dute beste ekintza bat, gaztetxoendako bazkaria, hain zuzen ere. 14:00etan izango da eta txartelak salgai daude gaztelekuan, 2 eurotan. Janaria gaztetxoek eurek prestatuko dute; badago lantalde bat horretarako. Bazkarian ez da alkoholdun edaririk zerbitzatuko.
Bazkalostean, Hiltzailearen Bila jokoa (Cluedo) egingo dute.
Segidan, 16:30ean, karaokea izango dute, 17:00 ingurura arte; eta horren ondoren, pilak berriz kargatu ahal izango dituzte gaztetxoek gauera begira, izan ere, musika eskaintza bikoitza egongo da: 19:30ean, Atzeko kalean, Los Galernaren kontzertua; eta 23:00etan, Foruen plazan, Esne Beltzarena.
Eta 12 urtetik azpikoendako, haur parkea egongo da Etxaluzen (12:00-14:00 eta 17:00-20:00).