Arazoaren larritasuna neurtu, irtenbideak bilatu eta "elkarbizitzarako gutxiengo batzuk adostea" nahi dute jeltzaleek. Miren Elgarresta bozeramaileak uste du horretarako "egokia izan daitekeela inguru horretako bizilagunek jasaten duten arazoaz jabetzeko, eta merezi duten arreta eskaintzeko", zarataren mapa bat osatzea. Jeltzaleen proposamena da Jaurlaritzaren Ingurumen gaietarako herri-baltzuari (IHOBE) laguntza eskatzea.
Herritar talde bat aspalditik dabil kexa horiek udal gobernuari jakinarazten, EAJtik azaltzen dutenez, baina orain arte ez omen dute erantzunik jaso. Horregatik, jeltzaleek gaiaren aurrean "rol aktiboagoa" eskatzen diote gobernuari. Mapa egiteaz gain, jeltzaleek proposatzen dute partaidetza prozesu baten bidez gaia bideratzea eta, era berean, egungo araudia berrikusi eta betearaztea. "Gaueko aisialdia eta inguru horietako bizilagunek atsedenerako duten eskubidea uztartu ahal izatea" nabarmentzen da jeltzaleek azaldutako asmoetan.