Puntual hasi zen kontzertua zapatu gauean. Gaztelekuko aretoa jesarlekuz beteta zegoen; kantautoreari horrelaxe gustatzen zaio. Hasi orduko, jesarleku guztiak hartuta zeuden.
Lurrean etzanda disko berrienetik hasi zen oñatiarra; hain zuzen, bertako irekiera kantutik, Giltz-gordea delakotik. Errenkadan hiruzpalau kantu jo eta abestu zituen disko berritik ateratakoak, eta gero, zaharrekin tartekatzen joan zen kantu berriak.
Arrakasta zaharren artean, aspaldiko partez, Ez da posible jo zuen, biolinarekin lagunduta; gitarra eta mandolina ere izan zituen lagun kontzertuan, Arkaitz Miner musikariarekin.
Martin Larralde, Ene begiek… izan ziren entzuleek bereziki gozatzeko moduko kantu ezagunak.
Etxean, gustura
Bertsio batzuk ere eskaini zituen Ruper Ordorikak, gutxi batzuk: Mikel Laboaren Gure bazterrak eta Lou Reed-en Walk on the wild side bertsionatu zituen; azken horren musika errespetatuz, Oñatiren inguruko letrarekin abestu zuen.
Eskerrik asko esan eta 23:50 aldera joan egin zen agertokitik, baina jakinekoa zen bueltatu egingo zela, eta halaxe izan zen. Bi aldiz joan eta beste bitan berragertu zen kantautorea.
Publikoa oso kontzentratuta egon zen, eta Ruperri igartzen zitzaion gustura zegoela, etxean jotzen zuela, alegia. Keinu asko egin zizkion entzulegoari, hitzez zein eskuarekin; ezagunendako agurrak ere egin zituen eszenatokitik.