Aldakiño X-Treme igoeran 21 parte-hartzaile izan dira. Olakuatik San Martinera igo dira mendi bizikletaz. Proba "gogorra" izan da, antolatzaileen esanetan, baina jende dezente animatu da berau egitera, eta baita ikustera ere.
Egubakoitzean hasi ziren ekintzak San Martinen. Jende asko joan zen Summertime fest 2.0 delako musika jaialdira, San Martingo festibalaren bigarren urtea. Crap (Aretxabaleta-Arrasate), Kimera (Oñati) eta Los zopilotes txirriaos (Iruñea) taldeek jo zuten; azken horiek ohiko umore ukitua ipini zioten gauari, eta giro polita sortu zen.
Zapatuan, txorimaloek ume, gaztetxo eta guraso asko erakarri zituzten. Bestalde, San Martinen ortua duten herritarrek euren produktuak erakutsi dituzte goiz partean, eta pintxoa eta sagardoa ere izan dira, jai batzordearen eskutik, bertso saioarekin batera.
Umeen lasterketa arrakastatsua
Gero, umeen lasterketa izan da bide berrian zehar, eta antolatzaileek espero baino ume gehiagok hartu dute parte.
Auzo bazkaritara batu dira gero 100 bat auzotar.
Garagardo-dastatzea egitekoak dira 19:00etan; Zerb, Laugar, Drunken Bros, Falken eta Urbanbeer markako garagardoak salduko dituzte. Ondoren, Trikibonbo taldearen dantzaldia eta Martintxoren bajonazua, jaiak ixteko.