"Txikiak dira, sarritan, krisia eta eredu injustuak gainditzen lagundu dezaketen ekimenak. Txikiak, halaber, euskaraz dihardugun hedabideak. Inurriak bezala, gu baino askoz handiagoak diruditen gauzak mugitzeko saiakeran gabiltza etengabe. Bidea asmatzen".
Hain justu, "bidea asmatzen" segi ahal izateko, indartzeko… oro har, txikitik eragiten segitzeko "ezinbestekoa" delako komunitatearen babesa, hori berori izango delako "aurrerantzean ere" euren "independentziaren giltzarria"; bada, komunitate horrekiko harremana estutu guran antolatu dute Argia Eguna Oñatin asteburuan.
Ordorika, bazkaria…
Ekitaldirik gehien etzi, domeka, egingo dituzten arren, biharko ere badira hitzorduak: 10:00etan Elorregitik Oñatira bizikleta martxa, 12:30ean Trantsizioak izenburuko argazki erakusketa zabalduko dute Gaztelekuan, eta 16:30ean, Arrikrutzeko kobetara bisita mitologikoa egingo dute. Eguna borobiltzeko, Ruper Ordorikak kontzertua eskainiko du Gaztelekuan, 22:30ean.
Domekan, berriz, Gerardo Elortza historiagileak gidatutako kultura ibilaldiarekin hasiko dute eguna, 10:00etan. 11:15ean, berriz, herri eragileen azoka zabalduko dute Foruen plazan, 17:30ak arte (hogei talde inguru, euskaran, feminismoan, ingurumenaren defentsan, ekonomia sozialean… dihardutenak) eta ordu berean jolas hezitzaileak izango dira; batukada eta beste, berriz, 12:30ean, eta 14:00etan herri bazkaria (15 euro), bertako eta garaiko produktuekin. Arratsaldeari dagokionez, 17:00etan Euskal Herriko II. NAN arrotzen jaurtiketa iragarri dute eta 18:00etan, Perlak taldearen eta gertuko musikarien saioak, txosna inguruan.