Pilotarekin lotutako hitzorduak ez dira falta izango aurten ere Oñatiko jaietan. Beti bezala, Aloña Mendi Kirol Elkarteko pilota sailak Mikel Deuna txapelketa antolatu du. XXXIII. edizioa izango da oraingoa, eta Gipuzkoako kadete eta gazte mailako pilotaririk onenak batuko ditu Zubikoa polikiroldegian.
San Migel txapelketa
Bihar, zapatua, hasiko da Aloña Mendik antolatutako Mikel Deunaren eskuz binakako txapelketa. Lehen finalerdiak jokatuko dira arratsaldeko seietan hasita.
Lehen partidua kadete mailakoa izango da, eta bertan, Arandia eta Azpitartek osatutako bikotea Osa eta Ibarlozaren aurka arituko da. Hala, garaileak urriaren 4an jokatuko den finalerako pasea lortuko dute.
Kadeteen norgehiagoka bukatu eta gero, berriz, jubenilen txanda izango da. Kategoria horretan Irazustabarrena-Azpitarte eta Osa-Ibarloza izango dira aurrez-aurre frontoian.
Gainontzeko finalerdiak hurrengo zapatuan jokatuko dira, eta finala, berriz, urriaren 4an. Aurten, nobedade bezala, elbarrien pala egokituko erakustaldi berezia antolatu du Aloña Mendik. Finalean izango da hori, bi partiduen artean.
Herriko txapelketa
Ekainaz geroztik martxan dagoen txapelketa herrikoiari dagokionez, azken zortzi bikoteek jarraitzen dute jokoan, eta gaur hiru partidu jokatuko dira plazako frontoian: Igartua-Mantxola/Lizarralde-Orueta, Larrea-Gartzia/Bazeta-Perez eta Aranburu-Axibar Larrea/Anduaga-Arabaolaza; horiek izango dira gaur arratsaldeko norgehiagokak. Beste partidua berriz, astelehenean izango da, ordu berean. Aberasturi eta Mendizabal Otxoa eta Altunaren aurka arituko dira.
Finalerdiak datorren egubakoitzean jokatuko dira, 17:30ean, eta finala, berriz, irailaren 30ean, eguaztena; jaietan, beraz.
Aurtengo herriko txapelketa indartzeko asmoz, txosna batzordeak bat egin du Aloña Mendi Kirol Elkarteko pilota saileko antolatzaileekin, eta elkarlanean antolatu dute, hainbat aldaketarekin. Esate baterako, ekainera aurreratu zuten kanporaketen hasiera. Ekainean eta uztailean zehar jokatu ziren horiek, eta orain, abuztuko atsedenaldiaren ostean, finalerdiak eta finalak jaietan jokatuko dira.
Sariak ere inoiz baino potoloagoak izango dira aurten. Finalera heltzen diren lau pilotariek Donostian bazkaria eta profesionalen lau t'erdiko finalerako sarrerak lortuko dituzte. Finaleko bikote irabazleak sari horretaz gain, txapela ere jasoko du, beti bezala.