Martxa 07:30ean abiatuko da Foruen plazatik. Kontrol-mahaia, baina, 06:30ean zabalduko dute. “Apuntatu direnei esan gura diegu ez daitezela justu ordurako joan. Aurretik kontrol-mahaitik pasa behar dute-eta. Ibilbidean zehar markatuko zaien txartel bana eta baso erabilgarri bana jasoko dute. Egunean bertan izena eman behar duena ere denboraz joatea komeni da, martxa puntuan abiatzeko”, dio Lizarraldek.
Parte-hartzaile guztiak Foruen plazatik Mallaraino joango dira, nor bere erritmoan, eta han banandu egingo dira: ibilbide luzea egingo dutenak (36,2 kilometro) Urbia aldera joango dira eta motza egingo dutenak (24,3 kilometro) Araotz aldera. Martxa biek Foruen plazan izango dute amaiera. Zubikoako dutxak erabilgarri egongo dira parte-hartzaileendako.