Mendebaldeko herrietan familia kontzeptua nola ulertzen den aztertuko dute Alemaniatik, Belgikatik, Espainiatik, Frantziatik, Italiatik, Herbeheretatik, Portugaletik, Erresuma Batutik eta Sueziatik etorriko diren hamalau lagunek, Amberesko unibertsitateko Mariano Croce eta Frederik Swennen irakasleen gidaritzapean.
Antropologian, historian, filosofian, zuzenbidean edo zientzia politikoetan dira adituak Oñatira datozen irakasle eta ikerlari hauek eta mendebaldeko herrialdeetako biztanleek euren bizitza soziala antolatzeko era, kideen arteko distantzia edo gertutasuna bereizteko modua eta rol sozialak banatzeko era aldatzen ari diren hiru faktore hauek aztertuko dituzte:
- lesbiana, gay, bisexual edo transexualen arteko familien kopurua handitzea
- lagundutako ugalketa tekniken garapena
- etorkinen ohituren legezko inportazioa familiaren erregularizazioari begira
Ikasturte berria
Aurten egingo den azken lan tailerra izango da. Urte honetan, hamazazpi egin dituzte guztira eta munduko bazter guztietatik etorritako 377 aditu etorri dira Nazioarteko Soziologia Institutura.
Irailaren 21ean Nazioarteko Masterrari hasiera emango diote, hemezortzi herrialdeetatik etorritako 21 ikasleekin.