Ondarroa, Urretxu, Legazpi, Arrasate eta Oñati inguruko jendea elkartu da, eta Arantzazuko parajerik dotoreenetatik eman dute buelta: "Ibilbide berria izan da, erraza edozeinendako, eta basoa lehor dagoenez bizikletarekin gozatzeko modukoa", dio Albizuk. Hainbatek arazoak izan dituzte bizikletarekin: "Katea apurtu, gurpila zulatu… Baina txirrindulariek elkarri lagundu diote eta hori azpimarratu gurako nuke". Postu mekanikoa jarri dute gainera, lehenengo anoa puntuan, eta horri esker gehienek bukatu dute ibilbide luzea, 35 kilometrokoa: "Nekatuz gero edo arazoak izan beti egoten nondik moztu, baina %90ak bukatu du zehaztutako ibilbidea. Bederatzietan irten eta lehenengoak iritsi dira hamaikak pasatxoan; azkenek, ostera, ia lau ordu egin dituzte, baina arazo mekanikoengatik".
Ibilbide dibertigarria
Lehenengoz luzatu dute ibilbidea, orain arteko biak 23 kilometrokoak izan dira-eta. Hala ere, ez dute oso teknikoa egin gura izan, edonorentzat egokia izateko: "Oñatiarrak bizikletan igotzen dira herritik, hortaz, aurretik zazpi kilometro egin dituzte Arantzazuraino. Badakigu oso zaila jarriz gero jendea atzera botako litzatekeela eta ahalegintzen gara dibertigarria egiten".
Aurten ez da emakumezkorik etorri, baina datorren urtera begira animatu gura ditu Albizuk: "Edozein neskak egiteko modukoa da eta luzerari tamaina norberak hartzen dio".