Disko berria atera zuenetik, Oñatin eskaintzen duen lehen kontzertua izango da, eta Ordorika gogotsu dago emanaldirako. "Gauza ederra da nork bere herrian jo ahal izatea, nahiz, esan ohi den moduan, inor ez den profeta bere herrian", esan du.
Etxean jotzea, zalantzarik gabe, berezia izango da oñatiarrarentzat: "Kontzertua non egiten den garrantzitsua da, aldaketak egokitu beharra ekartzen baitu beti, eta gu moldatzen ahalegintzen gara", dio Ordorikak. "Oñatin aritzen garenetan, beti sartzen dugu kantu bereziren bat".
Gauzak horrela, disko berriko kanta batzuk joko dituzte, baina kontzertua ez da erabat diskoari lotuta egongo, "gauza zabalagoa" egiteko asmoa baitute, beste sasoi bateko kantak sartuta, adibidez. "Beti saiatzen gara azken aldiz egon ginenetik gauzak aldatzen, beste kantu batzuk sartzen, beste giro bat sortzen", azaldu du Ordorikak.
Hurrengo kontzertua, Bilbon
SGAE Fundazioak antolatutako Izar & Star kontzertu sortan ere parte hartuko du Ordorikak. Irailaren 25ean eskainiko du kontzertua Bilboko Campos Eliseos antzokiko Teatro aretoan. Sarrerak leihatilan bertan edo Power Records dendan erosi ahal izango dira, aurrez 10 eurotan, eta 12 eurotan egunean bertan.
Oraingoan, ordea, bakarka arituko da oñatiarra, eta aitortu du "aldaketa handia" izango dela, bai beretzat, baita entzulearentzat ere: "Beti esaten didate arrisku handiak hartzen ditudala, baina ez, arrisku handiak hartzen ditu entzutera datorrenak".
Bilbon, bere kantez gain, gogoko dituen abestien bertsioak ere joko ditu. "Uste dut kantuak bezainbat balio duela giroak. Horregatik joko ditut kanta batzuk, nahiz beste batzuk egokiagoak izan bakarka aritzeko".