Ia 200 lagun dagoeneko Oñatiko I. mendi martxan

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko ira. 11a, 11:35
Aste honetan hasi dira ibilbideak markatzen

Bi ibilbide egongo dira eta bakoitzak bere erritmoan egingo du, oinez; ez da irabazlerik egongo. Irailaren 19an da eta Oñatiko Foruen plazan izango da irteera gunea.

Datorren zapatuan, irailak 19, abiatuko da Oñatiko lehen mendi martxa, Foruen plazatik, 07:30ean. Bi ibilbide egongo dira. Luzeak 36,2 km. izango ditu eta 1.606 metroko desnibel positiboa; motzak, berriz, 24,3 km. eta 1.180 metroko desnibel positiboa. Oñatiko lurretan egingo dira biak eta zatirik handiena Aizkorri-Aratz parke naturalean zehar egingo da.

Mendian ibiltzea gustuko dutenendako dira egokiak ibilbide biak. "Mallaraino elkarrekin joango gara guztiok eta han banatu egingo gara. Ibilbide luzea aukeratu dutenek Urbia aldera egingo dute eta besteek, aldiz, Araotz aldera. Hasierakoa da zatirik gogorrena agian, altuera hartu artekoa. Baina batak zein besteak ez du aparteko zailtasunik. Ibiltzea ohituta daudenak eroso egiteko moduko bideak dira", dio antolakuntza taldeko Josu Lizarraldek.

Handik eta hemendik

Bakoitzak bere erritmoan egingo du aukeratu duen ibilbidea baina bukaeran ez da irabazlerik egongo. "Asmoa da mendiaz eta naturaz gozatzea. Ibilbidea lasai egitea, bakoitza bere martxan. Ez da lasterketa bat. Bidea korrika egingo duen bakarren bat egongo da akaso, baina ez da hori gura duguna. Mendi lasterketak badaude han eta hemen, baita Oñatin ere. Hau bestelako martxa da, oinez egitekoa", dio Lizarraldek. Bi anoa puntu egongo dira: Mallan bat eta Kortako gainean bestea. Mediku zerbitzua ere izango da bidean zehar. Foruen plazan bukatuko da martxa eta Zubikoako dutxak erabil ahal izango dituzte parte hartuko dutenek.

Antolakuntza taldeko kideak pozik daude Oñatiko lehen mendi martxak izan duen erantzunarekin. Izen-ematea zabalik dago oraindik eta dagoeneko ia 200 lagun apuntatu dira. Horietako asko, oñatiarrak. "Iparraldetik, Errioxatik, Bizkaitik, Arabatik eta bailarako jendea ere badago apuntatu direnen artean", zehaztu du Lizarraldek. Internet bidez domekara arte eman daiteke izena www.kirolprobak.com helbidean. Aloña Mendi tabernan ere apuntatu daiteke eta baita egunean bertan ere. Izena aurrez emanez gero, prezioa da hamar euro federatuendako eta hamabi federatu gabeendako. Mendi martxa hasi aurretik ere apuntatu ahal izango da irteera puntuan, Oñatiko Foruen plazan.

Antolakuntza

Mallatik Araotz aldera doazenak, Gesaltza eta Arrikrutz ingurutik ubidea jarraituko dute. Urbia aldera doazenak, berriz, Iturrigorrira joango dira, handik Bellotzara joateko eta Gesaltza inguruan ibilbide motzekoekin elkartzeko.

Antolakuntza taldean 30 lagun inguru dira eta hasi dira ibilbideak markatzen. Egunean bertan ere izango dira martxako puntu ezberdinetan. Aurretiko lana egiteko eta ibilbidean egoteko nahikoa lagun daude baina martxa bukatu ostean dena jasotzeko laguntza eskertuko lukete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak