Goizekoa 10:00etan hasiko dute, eta lehenengo kilometroak Bergaratik joan-etorria eginez beteko dituzte. Handik Udana igo eta Goierri aldera abiatuko dira ziklistak, Atagoitiko maldak birritan igotzeko –Gabiria eta Ormaiztegitik itzulia egin ostean.
Udana jaitsi ostean, berriz, ziklistek Zubillagarako bidea hartuko dute, eta handik bueltan Torreauzon eskumatara egingo dute, eta Euskal Herriko Itzulian betetako azken kilometroak errepikatuko dituzte ziklistek, Zuazolan ezkerretara hartu eta Santipillautik eta Hilerritik pasa ostean Oñatira sartzeko (Helmuga hilerrian izango da.
Erlojupekoa 17:00etan
Arratsaldeko erlojupekoak, ostera, 10 kilometro izango ditu. Ziklistak unibertsitate etorbidetik irtengo dira, eta Arrasaterako noranzkoa hartuko dute Torreauzon ezkerretara egin eta Usako ondotik pasata Olateraino igotzeko. Handik buelta erdi eman, eta Barberokuako gurutzean Miruerreka baserrirako bidea hartuko dute, Santipillaura igo eta hilerri ondotik pasata Oñatiko plazarako bidea hartzeko.
Tartean lau Oñatiar
Antolatzaileek 100 ziklista espero dituzte proban, eta tartean egongo dira lau oñatiar. Julen Umerez (behean) Sabiñanigon egon da asteburuan, Euskadiko selekzioaz, eta Xabi Murgiondok mendiko kriteriumeko erlojupekoa irabazi berri du, eta laugarren dago sailkapenean. Eta, horiekin batera Ekaitz Txintxurreta eta Andoni Igartua ere lasterketan izango dira, bailarako gainontzeko ordezkariekin batera.
Argazkia: Iñigo Larrañaga.