Zabalik dago Bizi Pottoka jardunaldian izena emateko epea

Leire Kortabarria 2015ko abu. 28a, 08:00
Pottoka arraza ezagutzeko aukera dago Pottokalekun.

Bizi Pottoka ekimena antolatu dute hirugarren urtez jarraian Pottokalekuk, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak eta Arantzazuko Parketxeak. Domekan, hilak 6, izango da, 10:30ean hasita. Helburua da euskal zaldi arraza hori sustatzea eta familiei ezagutaraztea. Prezioa da 10 euro parte-hartzaile bakoitzeko, %20eko deskontuarekin lau kide bain gehiagoko familiendako. Bestalde, aurrez eman behar da izena, Arantzazuko Parketxean.

Aurten, Bizi Pottoka ekimenak gehiago hurbildu nahi du naturarekin eta aske bizi diren zaldi horiekin harremanetan goiza pasatu nahi duen edonorengana.

Aurreko urteetan bezala, jardunaldia irailaren lehenengo domekan izango da. Parketxean hasiko da, 10:30ean, eta Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko Interpretazio Zentro honetan, pottokak euskaldunen bizitzetan bete duen paperaren gaineko izaera historikoko aurkezpena egingo da. Zaldi arraza honen jatorria azaltzen saiatzen diren teoriak eta euskal jendeak mendeetan zehar gaurdaino ezarri dizkion funtzioak azalduko dira. Aurkezpena, ez da ordu erdi baino gehiagokoa izango eta bideo proiekzio batekin osatuko da. Bertan animalia hauen portaera eta jarrera erakusten da Aloña inguruko mendietan, bizitza erabat askeaz eta taldeko bizitzaz gozatuz.

Ondoren, parte-hartzaileak (norbera bere autoan, prezioan ez baita Parketxetik Pottokalekurainoko bidea sartzen), Pottokaleku zentroraino gidatuko dituzte. Hau Aloña mendiko magalean, Arantzazu gunetik 5 km-tara dago. Bertan, taldeak lehenengo pertsonan, erabateko askatasunean, bizi ahal izango du jatorrizko adiskidetasun erlazioa, gizakia – zaldia.

Finkatzen dabilen ekintza

Antolatzaileen esanetan, Bizi Pottoka ekimena Parketxearen eta Pottokalekuren jardueren katalogoan pixkanaka-pixkanaka finkatzen ari den jardunaldia da.

Pertsonako 10 euroko kostua izango du; lau kide baino gehiagoko familiei, ordea, %20ko beherapena aplikatuko zaie tarifan. Segurtasun kontuak direla eta, 25 pertsonako edukiera maximoa ezarri da. Esan bezala, jardunaldiak ez du bere baitan hartzen Arantzazuko Parketxetik Pottokaleku Zentrora egingo den lekualdatzea.

Aldez aurretik izen ematea beharrezkoa da. Arantzazuko Parketxean egin behar da hori,  943 78 28 94 zenbakira deituta edo arantzazu@gipuzkoamendizmendi.net email helbidera idatzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak