Ugarkalde eta Olabarrieta arteko bidegorriaren lanak urriaren 15erako egon beharko dira amaituta; izan ere, epe hori jarri zuen Foru Aldundiak agindutako diru laguntza jaso ahal izateko. Lanotarako, ia 13.000 euroko laguntza hitzeman du Diputazioak.
Ugarkalde eta Olabarrieta auzoaren sarrera artean egingo den bizikleta eta oinezkoentzako bide zatiak 800 bat metroko luzera izango du, eta hiru metroko zabalera. Errepidearen ertzean joango da, eta hartatik babesteko hesiak jarriko dituzte.
Lurpeko pasabidea
Bestetik, Udana mendate hasieran errepide nagusia lurpetik zeharkatuko duen pasabidea egiteko lanetarako prestakizunetan ari dira egunotan. Lanak irailean hasiko dira, eta Egaralur enpresak egingo ditu. Lanok oztopatuko duten bide zatiaren ordezkoa prestatuko dute egunotan.
Bestalde, Olabarrietako auzunerako sarrera egokitzen ere ari dira egunotan beharginak. Besteak beste, semaforoak jarri dituzte auzorako sarrera parean.