Oinezkoen eta bizikleten arteko elkarbizitza sustatzeko bideoa

Mireia Bikuña 2015ko uzt. 23a, 11:38

Denon onerako bizikleta. Izenburu hori dauka Txirrinka Bizikletazaleen Elkarteak Udalaren Ingurumen Zerbitzuaren laguntzarekin egin duen bideoak. Dagoeneko aurkeztu dute herritarren artean, eta Interneten ikus daiteke.

Bernat Alberdik eta Ander Monederok egindako bideoak zazpi minutuko iraupena du eta gomendioak ematen ditu bidegorrian eta oinezkoendako diren kaleetan bizikletek eta oinezkoek elkarbizitza ona izan dezaten. "Bideoa ez da ordenantza bat. Elkarbizitza indartzeko gomendio batzuk ematen ditugu; besteak beste, oinezkoen guneetan oinezkoek dutela lehentasuna, espaloi gainean ezin dela bizikletan ibili, bizikletek dagokien abiaduran ibili behar dutela... Sen komunak esaten dituen aholkuak dira, baina, askotan, behin eta berriz, gogora ekarri beharrekoak direnak", esan du Txirrinka taldeko Agustin Otxoa-Aizpuruk.

Herritarren kexuak

Hain zuzen ere, Txirrinkarena izan zen halako bideo bat egitearen ideia. "Herria alderik alde zeharkatzen duen bidegorria daukagu Oñatin eta hainbat kale oinezkoendako egokitu dituzte. Horrek guztiorrek bizikletaren erabilera handitu du. Dena den, hainbat herritar kexu agertu dira bizikletaren erabilera desegokia egiten dela esanez. Erabilera arriskutsu horiek erakutsiz hainbat bideo labur zintzilikatu genituen Interneten. Bideo laburren ostean dator Denon onerako bizikleta", dio Otxoa-Aizpuruk.

Interneten ikusgai 

Txirrinkak eta Udalak elkarlanean landu duten bideoaren helburu nagusia elkarbizitza bultzatzea eta indartzea da. "Denok ditugu barneratuta zirkulazio arauak motordun ibilgailuetan goazenean. Bada, arau horietako asko erabili behar dira bizikletan goazenean. Kontzientziazio kontua da. Herritarrak badoaz apurka-apurka bidegorria modu egokian erabiltzen, baina asko dago egiteko, eta guk aletxoa ipini gura dugu bideoarekin", diote Txirrinkako kideek.

Bideoa bizikleta erabiltzaileekin grabatu dute, eta herriko hainbat puntutan ibili dira; besteak beste, Kasablankatik Torreauzora doan bidegorri zatian eta Euskadi etorbidetik Bidaurreta aldera doan zatian. Txirrinkakoek, udal ordezkariek eta egileek bideo hezigarria egin dute. "Herritarrendako bideo erabilgarria egitea adostu genuen. Gomendioak eta aholkuak ematen dituena eta arina dena. Laburra. Zazpi minutuan informazio asko sartu dugu", esan du Otxoa-Aizpuruk.

Bideoa grabatu eta aurkeztu ostean, hedapen egokia egitea dute helburu. "Herritarren eskura ipini gura dugu. Youtubeko gure kanalera igoko dugu, edonork erabil dezan. Era berean, uste dugu ikastetxeetan ere erakutsi beharko luketela. Gazteak asko ibiltzen dira bizikletan, patinetan eta patinetean. Kontu handiz ibiltzeko eta kontuan hartu beharreko aholkuak dituzte", diote Txirrinkakoek.

Kontuz tuneletan 

Oinezkoendako egokitutako kaleetan –Kale Zaharra, Atzeko kalea eta Kale Barria– eta bidegorrian lasai ibiltzeko gomendioa egiten du Txirrinkak. Modu egokian eta elkarbizitza bultzatuta. Era berean, gune horietako hainbat puntutan kontu handiz ibiltzea aholkatu dute. Batez ere, Kasablanka eta Zubillagara arteko bidegorriak dituen tuneletan. "Ez dute ikuspen onik, estuak dira, eta, aldapa behera daudenez, abiadura handia hartzen da", diote

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak