Julen Umerez oñatiarrak garaipena eskura izan du: "Sindikatik gora nindoala pentsatu dut irabazi egingo nuela", azaldu du amaieran. Baina, azkeneko metroetara Koldo Velasco indartsuago iritsi da eta aurre hartu dio. Andoaindarrak 23 minutu eta 48 segundoko denbora egin du –Umerezek denbora bera egin du.
Seiko taldea aurrealdean
Umerezek kontrolpean izan du lasterketa denbora guztian. Urtiagainera taldetxoa eginda iritsi dira, eta seiko talde hori izan da Arantzazuko aparkalekura lehenengo iritsi dena. Sindikarako aldapan, esprinta egin dute eta hor erabaki da irabazlea.
Tarteko helmuga eta talde onena
Andoaingo taldea izan da protagonista gaurko lasterketan. Koldo Velascok lehenengo postua lortu du eta Ander Amonarrizek hirugarrena. Bestalde, Uribarri auzoan, tarteko helmuga jarri dute eta sari hori Jokin Alberdik irabazi du. Talde onenaren saria Andoainek irabazi du.
Mendiko saria
Mendiko saria –Urtiagainen– eta oñatiar onenaren saria Julen Umerezek irabazi ditu.
59 txirrindularik parte hartu dute gaurko lasterketan. Bero handia egin du eta ondorioz bat baino gehiago leher eginda iritsi da helmugara.
Oñatiarrik ez, orain arte irabazle
"Gaur arte oñatiar batek ere ez du irabazi Aloña Mendik antolatzen duen Arantzazuko Igoera", esan du antolatzaileetako batek. Gaurkoan, Umerezengan itxaropen handia jarria zuten, baina gutxigatik bada ere, ez da posible izan lehenengo garaipen hori.