San Kristobal lorez apainduko dute berriz

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko uzt. 10a, 09:44
Joan den urteko uztailaren 10ean

19:00etan jaitsiko da automobil karabana Olabarrietatik parrokiara. Jose Ramon Arrazolak liburua idatzi du gidarien zaindariari buruz eta Oñatiko San Kristobal ermandadeari buruz. Turismo bulegoan eta Txokolateixian dago salgai liburua.

"Badirudi ohitura lehengora bueltatzen ari dela. Aurten, esaterako, bi kamioi handi, bi trailer, dira etortzekoak San Kristobal egoten den lekura, handik parrokiaraino automobil karabanan joateko", azaldu du Jose Ramon Arrazolak irribarrean ezpainetan duela, pozik.

Txofer eta mekanikariak

Gidarien zaindaria da San Kristobal. Oñatin, 1961. urtean sortu zuten, Txarriduna tabernan egindako bazkarian, herriko txoferren ermandadea. Istripu edo ezbeharren bat izanez gero, gidariari edo familiari laguntzeko helburuarekin sortu zen. 1966an eman zuen azken laguntza. 34 bazkide ziren  hasieran baina 45 izatera ere iritsi ziren. 36 dira egun.

San Kristobalen ermitaren datuak, baina, 1785ekoak dira, gutxienez. "Ermandadea bizirik dago oraindik eta beti gura izan dut bere historia idatzi. Eta horrekin batera baita santuaren eta bera egon zen ermitaren gainekoak ere. Datu asko nituen eta baita argazki zahar batzuk ere. Denak batzen hasi nintzen eta datu eta argazki berriak lortzen, nuen informazio dena liburu batean gordetzeko", dio Jose Ramon Arrazola olabartarrak.

Historias de San Cristóbal de Olabarrieta en Oñati du Arrazolak idatzi duen liburuak. Zaindariak egun Olabarrietan duen santutxua nola egin zuten agertzen da liburuan, lehengo tokitik metro batzuk beherago. Eta Oñatira etorri ziren lehenengotako automobilak eta kamioiak ere badakar liburuak, argazkietan jasota, ibilgailu horien gaineko datuekin: nork ekarri zuen noiz, zertarako, ze motor mota zuen, zenbateko karga, matrikula... Ibilgailuak Olabarrietan bedeinkatu eta bata bestearen atzetik zaindaria aurrean lorez apainduta dagoela, kaleraino nola joaten ziren ere ikusten da argazki zaharretan. Tartean kamioiak. "Azken urteetan etorri diren ibilgailuen artean automobilak izan dira gehienak, eta asko poztu nau jakiteak aurten bi kamioi handi ere badatozela", dio egileak.

Urtero legez, gaur, uztailak 10, San Kristobal eguna ospatuko dute herriko txofer eta mekanikariek. 19:00etan elkartuko dira santutxuan eta 19:30ean izango dute meza parrokian. Automobilak bedeinkatuko dituzte ostean, afaltzera joan aurretik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak