Urtetik urtera igo egin da garagardo azokara eguenetan joaten zen jende kopurua eta aurten sekula baino jende gehiago joan da. "Pintxo-potea bukatu zenean jendea hona etorri zen eta mahaiak bete egin ziren. Egubakoitzean ere jende asko egon zen afaltzen. Aurten tekila usaina duen garagardoa ekarri dugu probatzeko, baina egia esan, ez du arrakasta handirik izan", adierazi du arratsaldean Antton Intzak, Aloña Mendiko presidenteak.
Sukaldea
Aurten sukaldea aldatu egin dute. Berria da eta, bada ezpada, ohi baino egun bat lehenago hasi ziren muntaketa lanak egiten. Bospasei laguneko taldetxoa arduratzen da sukaldeaz eta txanda bakoitzean, Aloña Mendiko dagokion saileko bizpahiru lagun gehitzen zaizkie. "Ondo moldatzen gara horrela. Baita aurten ere. Egubakoitzean saiheskia eskaini genuen, ukondoa, oilaskoa eta saltxitxaz gain. Baina orain arte etorri diren gehienek ukondoa aukeratu dute. Urtean zehar gutxi jaten dutelako-edo, ukondo mordo bat prestatu ditugu. Hemen dugun labean, 100 errazio sartzen dira aldiko, eta egun hauetan birritan bete dugu", adierazi du Rafael Erostegi sukaldariak. Ukondoa, oilaskoa zein saltxitxak, patatekin zerbitzatzen dute.
"Gaur bazkaltzen ere jende asko egon da. Saskibaloi eta gimnasia sailekoak, esaterako, hementxe bazkaldu dute euren senide eta lagunekin. Baita patinatzen ibili diren hainbatek ere. Oso pozik gaude aurtengo emaitzarekin", dio Intzak.
Eskerrak
Garagardo festa antolatzen lagundu dietenei eskerrak eman gura izan dizkie Intzak. "Aloña Mendik antolatzen du, bai, baina beste askok lagunduta. Laguntza eske joan garenean ere denak egongo dira gertu laguntzeko, eta hori asko da. Udala, herriko enpresa zein autonomo. Euren laguntzarik gabe ez zen posible izango. Eskerrik asko, benetan".
Datorren urtean X. aldiz antolatu dute. Berezia izango dela aurreratu dute, eta ideia asko dituztela ere bai.