Bi irteera antolatu dituzte aurten ere, bakoitzak aukera dezan, patinen gainean ibiltzeko duen gaitasunaren arabera: Madalenaraino (bost kilometro) eta Elorregiraino (hamalau kilometro). 10:30ean izango da irteera, Foruen plazatik; ordu erdi lehenago, berotze ariketak egingo dituzte hantxe Leire Altuberekin. "Irteeran parte hartzeko zalantzak dituztenendako, patin jolasak izango dira bitartean Foruen plazan", dio Tatarraz taldeko Ainhoa Guridik. Gasteiztik etorriko den talde batek, bestalde, dantza egingo du patinen gainean plazako frontoian, 13:00etan. Joan den urtean bezala, gura duten guztiek garagardo karparen azpian bazkalduko dute gero.
Bazkideak
Mirari Sagartzazuk egin du Tatarraz taldearen logo berria eta logo hori duten kamiseta berdeak salgai egongo dira; bost eurotan bazkideendako eta zortzi eurotan bazkide ez direnendako. Bazkide egiteko aukera ere egongo da. Kuota hogei euro da urteko.