Futbol sailekoek zabalduko dute gaur, eguena, Aloña Mendi kirol elkarteak antolatutako bederatzigarren garagardo azoka. "Datorren urterako hasita gaude pentsatzen zerbait berezia egingo dugula, hamargarrena izango delako. Aurtengoa ohikoa izango da, aldaketa batzuk salbu", adierazi du Aloña Mendiko presidente Antton Intzak.
Sukaldea
Sukaldea da aurtengo aldaketa horietako bat. "Auzoko jaietarako Udalak uzten zituen barrak erabiltzen genituen, baina nahiko hondatuta zeuden eta txabolatxo antzeko bategatik ordezkatu ditu. Guri horrek ez digu balio eta Ulma Taldearekin jarri ginen harremanetan sukalde berria egiteko. Martitzenean hasi ginen muntatzen karpa plazako jolastokian eta eguaztenean egin genituen azpiegitura lanak, gremio guztiekin elkarlanean", dio Intzak.
Domekara arte egingo dute azoka. "Hamar garagardo mota egongo dira aukeran, horietako bat tekila zaporeduna. Alkoholik gabekoa, berriz, botilatan salduko dugu aurten. Jatekoari dagokionez, aurten ez dugu moxal-okelarik zerbitzatuko. Egubakoitzean saiheskia egongo da eta gainerako egunetan, oilaskoa, saltxitxak eta ukondoa", adierazi du Aloña Mendiko presidenteak.
Itxi arteko txandak eginda dituzte dagoeneko, eta laguntzaileak izendatuta dituzte. Batutako dirua elkarteko hamalau kirol sailendako izango da, betiko moduan.