San Juan Artia inguruan jendea bizi ote zen aztertuko dute

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko uzt. 3a, 09:20
San Juan Artiako ermita zegoen tokia, atzean Arantzazu ikusten dela (gipuzkoa.net)

Indusketa lanak egingo dituzte inguru horretan irailean. Zulo bat baino gehiago egingo dituzte, bizpahiru egun iraungo duten lanetan.

"Gipuzkoan ermita asko daudela badakigu. Horietako batzuk erromesak pasatzen ziren tokietan eraiki zituzten eta beste batzuk jendea bizi zen komunitate baten baitan. Horiek aztertu gura ditut nik, Gipuzkoako historian gehiago sakontzeko. Eta Oñatiko San Juan Artiako ermita inguruan ere horixe jakin gura dut, garai batean inguruan jendea bizi ote zen edo ez", azaldu du Josu Etxezarragak, San Juan Artian indusketa lanak egingo dituen arkeologoak.

Susmoak

San Juan Artia Gipuzkoa eta Araba arteko ohiko pasabidea izan zen mendeetan. Han egon zer ermita noizean behin erabiltzen ote zen edo ingurua ohiko bizilekua zen jakin gura du Etxerragak, Elizaren antolaketa XV. mendean izeneko doktore-tesia osatzeko datu bila dabilen arkeologoak. "Badakigu horko ermita hori XV. menderako eraikita zegoela. Nortzuek eta zertarako erabiltzen zuten jakin gura dut nik, eta horretarako egingo ditugu indusketa lanak. Toki aproposa da, gainera, arkeologia lanak egiteko, egun ez dagoelako eraikina zutik, harriak baino ez direlako geratzen", dio Etxezarragak.

Hilobiak

Uda bukaeran, irailean, egingo ditu indusketa lanak. "Baimenak eskatu ditugu, bai Udalean ere, baita Aldundian ere, eta lortu ditugu. Asmoa da metro karratu inguruko zulo batzuk egitea inguru horretan. Zundaketa lanak izango dira eta bizpahiru egunetan egingo ditugu. Egindako zuloen sakontasunak argibideak emango dizkigu indusketekin jarraitzeko edo ez. Hilobiak egon daitezkeen susmoa hartuz gero, jarraitu egingo dugu, horrek esan gura duelako jendea bizi zela lehen inguru hartan. Ez badugu horrelako aztarnarik topatzen, erromesen erabilerarako eraikina zela ulertuko dugu", onartu du Josu Etxezarraga arkitektoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak