Jabi Azpiazu: "Nik neuk ere ez dut nire bizitza imajinatzen futbolari lotu barik"

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko uzt. 1a, 08:49
Jabi Azpiazu, Azkoagainen (Argazkia: Aratz Losada)

Ekainaren 20an 40 urte bete dira Jabi Azpiazu Aloña Mendi kirol elkarteko zuzendaritzan sartu zela. 1987tik hona futbol saileko presidentea da.

Aloña Mendirekin lotuko dute oñatiar gehienek zure izena, eta ez zaie arrazoirik falta.

Eta poztasuna ematen dit horrek. Nik neuk ere ez dut bestela imajinatzen nire bizitza.

Nola sartu zinen elkartean?

Soldadutzatik bueltan, San Lorentzoko futbol zelaian jokatzen zuten orduan gazteek futbolean eta hara joaten hasi nintzen, beti gustatu zait-eta futbola. Hala, elkartean sartzeko gonbidapena jaso nuen. Presidente moduan sartu nintzen, 1975ean. Bi urteren ostean, Jose Luis Agirrek hartu zuen kargu hori eta 1987an berriz nik. Beste urteetan idazkaria izan nintzen. Bestalde, badira 27 urte Gipuzkoako Futbol Federazioko kide ere banaizela.

Urte asko dira, bai, baina benetan gustura egin ditut eta egiteko asmoa dut, gainera, osasunak laguntzen badit.

Beti futbolaren inguruan futbolean jokatu gabe.

Donostian ikasketak egiten ari nintzela, hondartzan jokatzen genuen futbolean, Kontxan, eta lesionatu egin nintzen. Gehiago ez jokatzeko gomendioa eman zidan orduan medikuak, eta horrelaxe egin dut. Baina ez nuen futbola erabat utzi gura, eta epaile lanak eta bestelakoak egin ditut harrezkero. Herriko beteranoen txapelketan, dena dela, jokatu izan dut.

Aste barruan lan kontuengatik eta asteburuan futbolagatik, errepidean hara eta hona zabiltza maiz.

Bai, baina saltsa hori gustatzen zait. Komertziala naiz eta jende askorekin egoten naiz. Sarri, beste futbol talde batzuetako kideekin egiten dut topo lan kontuengatik, eta lana eta afizioa biak batzen dira halakoetan. Izugarri gustatzen zait jendearekin egotea, harremanak izatea; saltsa hori oso gustukoa dut. Gainera, lagun asko egin ditut bai batean eta bai bestean, eta nik garrantzi handia ematen diot horri.

Ze hiru ezaugarrirekin definituko zenuke Aloña Mendi?

Herrikoa dela, duen filosofia eta egiten den lana aipatuko nituzke. Herritar asko daude bere bizitzako zati bat Aloña Mendiri dedikatzen, zuzentzen, diotenak. Lan hori boluntarioa da, gustatzen zaielako, sentitzen dutelako, egiten dute, eta hori ikaragarria da. Lan asko egin da eta egiten da oraindik. Eskerrak lan horri.

Azkoagain eta futbol taldeen zaleak ondo baino hobeto ezagutuko dituzu. Nolakoak dira zaleak?

Zaleak jarraitzaile onak dira. Batzuetan bestetan baino gehiago joaten dira Azkoagainera, baina pasioz jarraitzen dituzte taldeak. Laguntzeko ere prest egoten dira, eta hori ere inportantea da. Aloña Mendiko futbol sailak, bestalde, harreman onak ditu denekin.

Eta bukatu aurretik...

Aupa Aloña, trakatra!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak