377 ume ibiliko dira aurtengo udaleku irekietan

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko eka. 29a, 10:04

Astelehenetik uztailaren 24ra arte izango dira eta gaztelekua izango da erreferentzia-gunea. Udako kirol kanpaina ere gaur hasiko da. 717 umek eman dute aurten izena.

Gaur, hilak 29, hasiko dira udaleku irekiak eta toki aldaketa da aurtengo berritasun nagusia, gaztelekuan izango baitira. "Gaztelekua izango da erreferentzia-puntua. Han utzi eta jasoko dituzte gurasoek umeak, baina ekintzak gaztelekutik kanpo ere egingo dira, noski. Kanpo espazioa erabiltzea lehentasunetako bat izango da, gainera", azaldu du udaleku irekietako koordinatzaile lanetan ibiliko den Leire Zumaldek.

Toki aldaketaren arrazoia da, Zumalderen esanetan, Eltzia egitasmoa handituz doala. "Gorpuzten ari da proiektu hori, gero eta erabiltzaile gehiago daude Eteo zenaren eraikinean, eta lehenago edo geroago handik atera behar genuela ikusten genuen, hango erabiltzaileen jarduna ez oztopatzeko", zehaztu du.

Adostu

HH-3 eta LH-4 bitarteko umeek koloretako biserak izango dituzte aurten ere; adin tarte bakoitzeko kolore bat. Gutxi gorabehera, hamar ume egongo dira taldeko, 47 hezitzaile eta hiru koordinatzaile. Urtero moduan, aurten ere egingo dituzte ezagutza eguna, entzierroa, zikin eguna, apar festa eta ur jolasak. Baita irteerak ere, herriko parajeetara zein herritik kanpokoetara. Nagusienek, esaterako, gau bat egingo dute Garaionen (Araba) eta beste batzuk Landara (Araba) joango dira egun-pasa. Egitaraua, baina, moldakorra da. "Eguraldi ona edo txarra egiten duen egunetarako planak ditugu eginda, baina umeei euren iritzia eskatu gura diegu. Joan den urtean ere egin genuen hori, eta aurten errepikatzea pentsatu dugu. Eurek ideiak botatzea, euren iritziak entzutea eta zer egin guztion artean adostea da asmoa", azaldu du Oihana Ugartek, udaleku irekietako beste koordinatzaileak. Egitarauaren edozein aldaketa edo koordinatzaileen ohar guztiak eurek aukeratutako bidetik jakinaraziko dizkiete gurasoei. Umeak jasotzera doazenean ahal dela oinez joateko aholkua egin dute koordinatzaileek, edo, bestela, inguruko aparkalekuak erabiltzeko.

Arte udalekuetan eta udaleku mitologikoetan ere ibiliko dira beste hainbat gaztetxo datozen asteetan. Baita ikastetxeen udalekuetan.

Kirol kanpainan

Kirol Sailak antolatutako aurtengo udako kirol kanpaina ere astelehenean hasiko da, ekainak 29.  717 neska-mutikok eman dute izena hil honen azken astetik abuztura bitartean antolatu dituzten kirol ekintzetan parte hartzeko. Bakoitzak ze kirol, zein egunetan eta zein ordutegitan aukeratu duen gogorarazteko, kiroldegiko sarreran daude zerrendak ikusgai.

Lau txandatan banatu dituzte hogei kirol eskaintza baino gehiago eta txanda guztietan dago oraindik tokia. Interesa duenak Zubikoako bulegoan eman dezake izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak