Jose Inazio Baltzategi:"Beti izan dut bokazioa beharra duenari laguntzeko"

Oihana Elorza Gorostiza 2015ko eka. 25a, 16:58
Jose Inazio Baltzategi

Maitzaren 24tik 27ra egin dute aurtengo irteera Lourdesera gaixoekin. Urrezko orratzarekin etorri da Jose Inazio Baltzategi. Horrelako orratza jaso duen hirugarren gipuzkoarra da oñatiarra.

Pozik jaso duzu?

Bai, oso pozik.

Noiz eta zelan hasi zinen Lourdesera joateko bidaia hauetan parte hartzen?

22 urte nituen joan nintzen lehen urtean. Ordurako sortuta zegoen taldea eta laguntzeko gertu nengoela esan nien.

Zertan aldatu da irteera hori ordutik hona?

Ezertan ez. Duela 50 urteko ekintza berak egiten dira gaur egun ere. Eta toki berean.

Nolakoak izaten dira han pasatzen dituzuen egunak?

Beti ospitale berean hartzen dugu ostatu. Gu izan ginen ospitale zaharreko azken bezeroak, eta, berriztatu ostean, geuk estreinatu dugu. Ama Birjinaren haitzuloaren parean dago. Zapatuan izaten da gure eguna, Gipuzkoako eguna, eta gotzainaren meza entzuten dugu eguerdian; arratsaldean Gipuzkoako gaixoen prozesioa egiten dugu gotzaina buru dela. Igandeko meza nazioartekoa izaten da eta astelehenean hartzen dugu etxerako bidea. Begiraleak modukoak ere egoten dira, gazteekin irteerak eta ekintzak egitekoa. Geure lana ere antolatuta izaten dugu; nik, adibidez, platerak garbitzen ditut beti. Gaixoendako ederra izaten da irteera horretara joatea. Aurten, hiru gaixo joan dira Oñatitik, hamabost Aita Mennitik eta sei Bergaratik.

Degurixara urtero egiten den irteeran ere aspalditik hartzen duzu parte.

Bai. Uztailaren 24tik 26ra izango da aurten. Ea joaterik dudan. Bestalde, Trauti elkartean ere banabil. Ekainaren 27an egingo dugu Trauti Eguna. Aurten gurpildun aulkiak saltzen dituen lagun bat etorriko da. Ari gara egitaraua osatzen egun horretarako.

Boluntarioak. Aurten 62 urte egin dituen Donostiako Hospitalidad de Lourdes elkartearekin batera joaten dira Oñatiko boluntarioak Lourdesera. Elkarte horretako presidenteak jarri zion urrezko orratza Jose Inazio Baltzategiri eta aurreskua dantzatu zioten gero. Baltzategiren esanetan, Oñatiko taldearen boluntario kopurua mantendu egin da, gutxi gorabehera; gaixoena, berriz, txikitu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak