Azken bederatzi urteak kanpoko taldeekin jokatu du Andoni Bernalek, lau Arrasateko taldean eta beste hiru Eibarkoan. "Urte horiek onak izan dira, asko ikasi dut eta ikasitako hori etxeko taldeko kideekin konpartitu gura dut. Saiatuko naiz dakidana egiten eta talde berrira moldatzen", esan du Bernalek.
Kanpoan jokatu arren etxeko taldea jarraitu duela aitortu du eta pozik dagoela talde horretako kide izateko aukera izan duelako. "Oraindik ez gara guztiok elkartu baina beste jokalariak ezagutzen ditut, bistaz bada ere. Abuztuan hasiko gara elkarrekin entrenatzen".
Entrenatzaile berria
Izarraitz-Aloña Mendik bigarren nazional mailara igotzea lortu zuenean, Rafa Zulueta berak aitortu zuen ez zuela jarraituko taldea entrenatzen. Aitor Aranburuk eta Joxe Gartziak ere jokalari moduan ez dutela jarraituko aurreratu zuen. Entrenatzaile berriaren izena abuztuan lanean hasi aurretik jakinaraziko dute.